Hitzaldi zikloa eta elkartasun azokak antolatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak apirilerako

Andoni Elduaien 2021eko martxoaren 30a

'Oinarrizkotik oinarria aldatu' kanpainaren barruan antolatu ditu Kontseilu Sozialistak apirileko hitzorduak, hainbat gairen inguruan hausnartzeko eta oinarrizko produktuen biltegiaren proiektua herriratzeko. Urtebete da biltegia martxan jarri zenetik, eta hori hauspotzeko jarri dute martxan kanpaina berria.

Hitzaldi zikloa eta Elkartasun Azokak antolatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak apirilerako Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpainaren barruan.

Apirilaren 8an, Azkoitian, 'Faxismoa: arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar' hitzaldia izango da, 18:30ean hasita, Elkargunean. Apirilaren 10an, aldiz, elkartasun azoka egingo dute Azkoitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara. Apirilaren 15ean, Zestoan izango dute hitzordua, eta bertan, Etxebizitza Sindikatuko kideen jarduna eta esperientzia ezagutzeko aukera izango da hango kideen eskutik, 18:30ean hasita, Kultur Etxean. Hilaren 17an, aldiz, elkartasun azoka egingo dute Zestoako Plazan. Apirileko ekintzak Azpeitian bukatuko ditugu; izan ere, hilaren 22an hitzaldia eskainiko dute. Oinarrizko produktuen biltegia eta urtebeteko ibilbidea izango dituzte hizpide, 18:30ean hasita; lekua zehazteko dute oraindik. Hilaren 24an, aldiz, elkartasun azoka egingo dute Azpeitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara.

Hitzordu horiekin, hainbat gairen inguruan hausnartzeko aukera eskaintzeaz gain, oinarrizko produktuen biltegiaren proiektua "herriratzea" eta "jendearengana iristea" nahi dute. Izan ere, laster beteko da urtebete biltegia martxan jarri zutenetik. Urtebeteren ostean lanean jarraitzen dute, "autoantolakuntzaz" eta "langile elkartasunez" jendearen beharrei erantzuteko asmoz. Azpeitian hasitakoa eskualdera zabaldu da denbora gutxian, eta gaur egun 140 boluntarioren partehartzearekin jarraitzen du aurrera, astero-astero produktuen banaketak eta jasoketak eginez Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. "Ikusten ez den lan asko dago biltegiaren atzean, baina lan hori ez da aski jendearen beharrei erantzuteko, egungo egoera ez baita samurra. Horregatik nahi dugu jendearengana heldu, eta ekarpena egitera animatzea", azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide