Inguruotan aspaldi egin den bertso saiorik jendetsuena egin dute gaur arratsaldean Zestoan. Erniarraitz bertsozale elkartearen Bertso Urtie egitasmoaren laugarren hitzordua zen gaurkoa, azaroan Azkoitian, abenduan Azpeitian eta urtarrilean Errezilen egindako saioen ondotik.
Bailarako bertsozaleei hilero bertso saio bat eskaintzeko asmoak otsailean etena izan ostean, gaur itzuli dira bertsoak bailarara, eta bertso gosez daudela erakutsi dute bertsozaleek. Izan ere, 300dik gora lagun elkartu dira arratsaldeko bostetan Zestoako kiroldegian, frontoiko kantxaren erdian kokatu duten tranpaldo handiaren gainean zeuden bertsolariek kantatzeko zituztenak entzuteko gogoz. Bertsolari boskotea ere ez zen edozein moduzkoa: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon Maia, Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga elkartu dituzte gaurko saiorako Erniarraitzek eta Zestoako Udalak, eta Uxune Areizagak bete ditu gai-jartzaile lanak.
Tranpaldoaren dekorazioak eman du zeresana saioaren hasieran: apirilaren 3ko Espainiako Koparen finala gogoan edo, Realaren eta Athleticen bandera bana jarri dituzte tranpaldoaren aurrekaldeko bi izkinetan, ikurrinak horien ondoan, eta udalaren ikurra erdian.
Hemen, gaurko saioko beste argazki batzuk: