Ertzaintzak bost lagun identifikatu ditu Zestoako GKSk deitutako elkarretaratzean

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 27a

Deitzaileek "gogor salatu" dute gertatutakoa. Pandemia sasoiko "aterabide poliziala" eta "gazte kriminalizazioa" salatzeko egin duten mobilizazioa baimenik gabe egitea egotzi diete poliziek. Zestoan elkarretaratzeak egiteko baimena eskatzeko "ohiturarik ez dagoela" azaldu du Zestoako GKSk eta manifestatzeko duten zilegitasuna aldarrikatu du.

Kriminalizazioaren aurrean gazte langileok antolatu leloarekin elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Zestoako plazan, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta. Pandemia sasoiko "aterabide poliziala" eta "gazte kriminalizazioa" salatzeko mobilizazioa egiten ari zirela, ertzainak agertu dira plazan, eta kontzentrazioan parte hartzen ari ziren bost lagun identifikatu dituzte, "kontzentrazioaren arduraduna eta beste lau gazte", Zestoako GKSk jakinarazi duenez. Antolatzaileek azaldu dute "zortzi bat ertzain" joan direla plazara eta pandemia sasoiko "aterabide poliziala" eta "gazte kriminalizazioa" salatzeko egin duten mobilizazioa baimenik gabe egitea egotzita identifikatu dituztela bost lagun horiek.

Gertatutakoa salatzeko atera duen oharrean eman ditu azalpenak Zestoako GKSk. Elkarretaratzea "segurtasun neurri sanitario guztiak betez" egin dutela esanda, azpimarratu dute "herrian ez dagoela ohiturarik kontzentrazio bat egiterakoan baimenak eskatzeko, eta orain arte ez dela arazorik egon". Horren haritik, "lege burgesaren gainetik, eskaera egin ala ez, manifestatzeko dugun zilegitasuna aldarrikatu nahi" izan du GKSk.

"Gogor salatu" ditu taldeak "gertatutakoa eta poliziaren jarrera". Era berean, "eskerrak eman" dizkie Zestoako GKSk elkarretaratzean parte hartu dutenei "eta poliziaren aurrean babesa adierazi" dieten guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide