Hileta zibilak egiteko gunea egokituko dute Zestoan liburutegi azpiko lokalean

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 26a

Atzoko udalbatzarrean eman zuten horren berri. Azken asteetan hilerriko zerbitzua dela-eta sortutako ika-mika mahai gaineratu zuten berriro. Hilerrietako araudi bat osatzeko beharraz ere hitz egin zuen Mikel Arregi alkateak.

Zestoak hileta edo agur zibilak egiteko gunea izango du laster. Mikel Arregi alkateak atzoko udalbatzarrean iragarri zuenez, udalak Alonderon egokituko du gune hori, liburutegiaren azpiko lokalean, hain zuzen ere.

Hileta eta hilerri zerbitzuak direla-eta ika-mika sortu da azken asteetan herrian. Udal Gobernuak lur emate zerbitzua eten izanaren kontra idatzia plazaratu zuen EAJk, aldaketa bera eta horren gaineko komunikazio egokiaren gabezia kritikatuz. Hilerri beraren eta horko gainerako zerbitzuen kudeaketa ez ezik, hileta ondorengo lur emateak ere udalak kudeatu izan ditu orain arte Zestoan, baina ehorztetxeek izango dute lur emateen ardura aurrerantzean, hiletekin lotutako gainerako zerbitzuak kudeatzen dituzten neurrian. Mikel Arregi alkateak atzo azaldu zuenez, "hileta ereduak aldatu" egin dira azken urteetan, aukera eta hautu ezberdinak baliatzen dituzte herritarrek –erraustea edota agur ez-erlijiosoak, besteak beste–, eta aniztasun horretara "egokitu" nahi izan du udalak. "Baliabide publikoak erabilita nolabait aseguruentzako lan bat egiten" ari zen udala orain arte, Arregiren esanetan. "Bestetik, gorpuei erabat lur ematen zitzaien garaitik bageneukan langile eredu bat, justifika ezinezko hobariak jasotzen zituena. Hori ez zen justifikagarria eta ez zen batere justua", gaineratu zuen, hildakoei lur ematearen ardura izan ohi zuen udal langilearen figurari buruz. Gai honi lotuta, beste herri askok ez bezala, Zestoak ez du hilerri araudirik, eta hori egiteko premia azpimarratu zuen Arregik. Pausoak ematen hasi direla esan zuen; hala ere, zehaztu zuen "epe motzean" horrelako araudi bat egitea zaila izango dela, besteak beste, Zestoako udalerrian hiru hilerri badirelako.

Garikoitz Mendizabal, EAJren udal taldearen bozeramailea, kexu azaldu zen, hileta zibiletarako gunearen erabakiaren berri atzo bertan jakin zutelako, horrelako gune baten beharrarekin "guztiz ados" egon arren. Mendizabalek eta Arregik azken asteetako ika-mika berritu zuten horren harira. EAJk hilerri zerbitzuaren aldaketak direla-eta azaleratutako "komunikazio falta" egotzi zion berriro Udal Gobernuari, martxo hasierako idatzian jasotakoaren ildotik. Alkateak erantzun zion esanez, besteak beste, "ez dela egia" EAJk idatzi hartan Udal Gobernuari egotzitakoa, bereziki pribatizazioari egindako erreferentzia.

Pediatra euskaldun eske

Bi mozio zeuden atzoko udalbatzarraren gai zerrendan, baina horietako bat ez zuten landu, azkenean. Zestoako 5G taldeak aurkeztutako mozioa eta EH Bilduren udal taldeak mozio horri egindako egokitzapena atzoko bilkuran lantzea aurreikusita zuten, baina 5G taldeak bere mozioa erretiratzea erabaki zuela jakinarazi zuen alkateak eta, beraz, bere udal taldearen egokitzapena ere alde batera utzi zuten.

Horrenbestez, Uemak pediatra euskaldunen beharra aldarrikatuz aurkeztutako mozioa izan zen landu zuten bakarra. Landu eta onartu, aldeko hamar botorekin eta abstentzio batekin. Zestoan, Aizarnazabalen, Getarian eta Zumaian pediatra euskaldunik ez dute gaur egun, eta hori konpontzeko eskatzen ari dira azken urteetan lau udalak eta Uema. Eskaera horren barruan dago atzo Zestoan onartu zuten mozioa.

Hau da, osorik, Herrian pediatra euskaldunak nahi ditugu mozioaren testua:

"Azalpena

Ia bi urte joan dira Zestoako umeek euskaraz ez dakiten pediatra bat daukatela. Ez Zestoako haurrek soilik: arazo berbera dute Aizarnazabalgo, Getariako eta Zumaiako umeek ere. Lanpostu horrek ezarria du bigarren hizkuntza eskakizuna, eta derrigortasuna du 2008ko ekainaren 1etik.

2019ko ekainean, lau herrietako alkateek gutuna bidali zuten Osakidetzara, egoera konpontzeko eskatuz, gure herrietako umeen eta gurasoen hizkuntza eskubideak aintzat hartuta. Urte bereko uztailean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariek bilera izan zuten Donostialdeko ESIko arduradunekin, eta hizpide izan zuten pediatra lanpostu hori: jakinarazi zieten 2020ko maiatzera arte egongo zela euskaraz ez dakien pediatra postu horretan. Ia urtea joan da aipatutako epe horretatik, eta gaur-gaurkoz egoera ez da aldatu: herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari dira, non eta hain inportantea den zerbitzu batean, norekin eta umeekin.

Jakin badakigu Osakidetzak arazoak dituela mediku euskaldunak aurkitzeko, eta arazo horiek nabarmenagoak direla pediatrian. Erakundeen obligazioa da, ordea, herritarren eskubideak bermatzea. Zestoan, herritarren %81 euskaldunak gara, eta are gehiago umeen artean; adinagatik, gainera, asko ez dira gai gaztelaniaz komunikatzeko. Nabarmena da, beraz, pediatria zerbitzuan euskaraz ez dakien profesional bat egoteak zer neurritan urratzen dituen hizkuntza eskubideak.

Proposamenak

Hori ikusita, Osoko Bilkurak honako eskari hauek egitea erabaki du:

1. Udalak Osakidetzari eskatzea lehenbailehen zuzendu dezala herriko pediatra postuaren egoera, eta berma ditzala herritarren hizkuntza eskubideak.

2. Udalak Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea jar ditzatela bideak zerbitzua euskaraz emateko, gai diren profesionalak hezteko eta kontratatzeko: egiturazko neurriak har ditzatela mediku euskaldunen faltari aurre egiteko, unibertsitatetik hasita".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide