Herriko Euskara Foroa osatzeko batzar irekia deitu du Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 18a

"Euskararen normalizazioa eta kale erabileran eragitea izango dira foroaren helburu nagusiak", azaldu du udalak. Asteazkenean izango da bilera, martxoaren 24an, udaletxeko areto nagusian. Pandemia dela eta, joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Euskara Foroa eratzera doaz Zestoan, eta foro berri hori osatzeko batzar irekia deitu du udalak datorren asterako. "Euskararen normalizazioa eta kale erabileran eragitea izango dira foroaren helburu nagusiak", azaldu du udalak, eta "herriguneko hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, bai euskara arloan dabiltzanek, baita hezkuntza arlokoek ere".

Horiez gain, gaiarekin interesa edota kezka duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte foroan parte hartzera. Asteazkenean, martxoaren 24an, izango da bilera irekia udaletxeko areto nagusian, 18:00etan hasita. Pandemia dela eta, bileran parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 943-14 70 10 telefonora deituta edo euskara@zestoa.eus helbidera idatzita; izen-ematea "beranduenez" bilera egunaren goizerako egitea eskatu du udalak.

Euskararen erabileran "beheranzko joera" sumatu dute Zestoan, eta joera hori iraultzeko "estrategiak pentsatzea" izango da Euskara Foroaren lan-ildoetako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide