Beste urte batez bertan behera utzi dute Zestoako Herri Krosa

Anartz Izagirre 2021eko martxoaren 17a

Osasun krisia dela-eta lasterketarik ez egitea erabaki du Zestoako Atletismo Taldeak. 2019. urtean egin zen azkenengoz Zestoako Herri Krosa, eta datorren urtean proba "normaltasunez" egin ahal izatea espero du taldeak.

Zestoako XLI. Herri Kroseko irudia. (Urola Kostako Hitza)

Bigarren urtez jarraian bertan behera gelditu da Zestoako Herri Krosa. Izan ere, osasun krisia dela-eta martxoaren 19an egin ohi diren probak ez egitea erabaki du Zestoako Atletismo Taldeak, lasterketak "erdizka" egitea egokia ez dela iritzita. 2019. urtean egin zen azkenengoz Zestoako Herri Krosa, iaz ere ezin izan baitzuten lasterketa egin. "Joan zen martxoan bete-betean harrapatu gintuen COVID-19ak, jendea izena ematen ari zen probarako baina azkenean ezin izan genuen egin. Aurten ere ezin izan dugu lasterketa antolatu, ea datorren urtean normaltasunez egin dezakegun proba", azaldu du Jone Irureta Zestoako Atletismo Taldeko kideak.

Proba guztiak gelditu dira bertan behera, helduenak ez ezik haurrenak ere bai. Hala eta guztiz, maiatzean Iraetan egin ohi diren atletismo probak egiteko esperantza dute Zestoako Atletismo Taldeko kideek. "Maiatzean atletismo probak egin ohi ditugu Iraetako futbol zelaian, Eskola Kirolarekin lotuta. Zestoako eta Zumaiako eskolek parte hartzen dute bertan, eta antolaketa aldetik ez du Herri Krosak bezainbeste lan eskatzen; beraz, badugu proba horiek egiteko esperantza", azaldu du Iruretak.

Hamarkadaz hamarkada ezagun bilakatu den proba da Zestoako Herri Krosa. XLI. edizioa egin zuten 2019an, eta dena ondo bidean XLIII. edizioa egingo zuketen aurtengoan. Martxoaren 19an egin ohi dute lasterketa, Zestoako kaleetan barrena.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide