ELKARRIZKETA

Eñaut Gaztañaga: "Musikatik bizitzea zen nire ametsa, eta betetzen ari naiz"

Aitziber Arzallus 2021eko martxoaren 12a

Musikarako grina umetatik datorkio Gaztañagari, eta afizio zuen hura, ohartzerako, ogibide bihurtzea lortu du zestoarrak. Grises eta Ezpalak taldeetako partaidea da egun, eta baita Zestoako Gaztain estudioen jabea ere. Gipuzkoako HITZAn egin diote elkarrizketa.

Musikazalea, musikaria eta musika ekoizlea da Eñaut Gaztañaga (Zestoa, 1984). Hogei urte daramatza Grises taldearekin hara eta hona, baina ez da esku artean duen proiektu bakarra. Bere ibilbideaz, proiektuez, pandemiaz eta panorama musikalaz jardun du Gipuzkoako HITZAn.

Arreba [Amancay Gaztañaga], aktorea; zu, musikaria… Zer jaten da zuen etxean?

Gurasoek txikitatik eraman izan gaituzte musika klasikoko kontzertuak ikustera, aitak gitarra jotzen zuen, amak pianoa… Etxean betidanik egon da musikarako eta zinemarako zaletasuna, eta uste dut horrek eragingo zigula. Arreba txikia ere arkitektoa da, eta hark ere badauka sortzailetik zerbait.

Txikitatik izan duzu musikarako joera. Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

10 bat urte genituela, eskolako lagun batzuen artean sortu genuen lehen musika taldea: Amets Gaizto. Aitak gitarra jotzen zuenez, nik ere gitarra jotzea erabaki nuen. Aitak irakatsi zizkidan pare bat akorde, eta segituan katigatu nintzen; gitarra jo beharra sentitzen nuen. Hasieran, ahal genuena egiten genuen; beste taldeen abestien bertsioak-eta jotzen genituen, eta 1996an, 11 bat urterekin, herriko eskolan eman genuen lehen kontzertua. Harrezkero, ez naiz gelditu.

Beste talde bat sortu, eta 13 urterekin grabatu genuen lehen maketa, eta 14 urterekin, Azido izeneko taldea sortu genuen. Harekin ibilbidetxoa egin genuen: maketa bat grabatu genuen, eta kontzertu mordoxka bat eman genituen inguruko herrietan-eta; La Pollarekin jotzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin, ni eta nire musika ere eboluzionatzen joan gara, eta azken urteetan Grises eta Ezpalak taldeetan nabil. Zaharra ez naiz, baina 10 urterekin hasi eta gaur arte, dezenteko bidea egin dut musikaren munduan.

Zerk katigatu zintuen musikara?

Zuzenekoetan jendearekin sortzen den feedback edo indar hori da gehien gustatzen zaidana. Zaila da hitzez azaltzen, baina hor sortzen da zerbait katigatu egiten duena. Musika sortzea eta grabatzea ere beti gustatu izan zait, baina gero zuzenekoetan jotzeko helburuarekin.

Batxilergoa bukatu eta Arte Ederrak ikasi zenituen. Zer intentziorekin?

Batxilergoko lehenengo mailan Arte irakasgaia eman genuen lehendabiziko aldiz, eta pintura asko interesatzen hasi zitzaidan. Azidoren ibilbidea bukatutzat emanda, batxilergo guztia pinturan zentratuta pasatu nuen, Arte Ederrak ikasteko asmoz. Baina gauza bitxia izan zen, artearekiko interesak unibertsitateko ikasketek iraun zutena iraun baitzidan; ikasketak bukatu nituenetik ez dut margotu. Hala ere, egia da orduan ikasitakoek gerora asko balio izan didatela. Teknika baino gehiago, sormena lantzen ikasi genuen unibertsitatean, eta hori oso ondo etorri zait musika egiteko garaian.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide