G-631 errepidearen eragina "leuntzeko" eta trafikoa antolatzeko neurriak aurkeztu dituzte Zestoan

Mailo Oiarzabal 2021eko martxoaren 11

Arteaga auzoko sarrera-irteeretan eta Gesalagako eta Akoako bideko bidegurutzeetan aurreikusten diren aldaketak, herrigunea erdibitzen duen errepidean ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak, oinezkoentzako baliabide berriak eta herri barruko kale nagusietan trafikoa norabide bakarrekoa izatea dira proposamen nagusiak. Proiektua aurten bukatu eta datorren urtean hasi nahi ditu udalak aurreneko lanak.

Herrigunea zeharkatzen duen G-631 errepideak egunerokoan sortzen dituen oztopoei irtenbidea aurkitzeko eta "oinezkoei lehentasuna" emateko neurriak iragarri zituen Zestoako Udalak joan den ekainean. Orduan martxan jarritako prozesua bere bidea egiten joan da, eta horren emaitzak aurkeztu zituzten atzo udaletxeko areto nagusian. Iaz aurreratu bezala, herri barruko trafikoa antolatzeko eta G-631 errepidearen eragina "leuntzeko" helburuarekin zer neurri har daitezkeen aztertu du, udalak eskatuta, Endara ingeniaritza enpresak, mugikortasun plan berria osatuz. Azterlan horren emaitzak dira atzo jendaurrean aurkeztu zituztenak; Endarako Garo Azkuek azaldu zituen azterlanean jaso dituztenak.

"Esku-hartze garrantzitsua eta aldaketa substantzialak" dira azterlanean jasotakoak, Mikel Arregi alkatearen esanetan. G-631 errepidean ezarri nahi diren neurriek eta aldaketek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepideetako sailaren oniritzia dutela nabarmendu zuen Arregik. Hala ere, azterlanean jasotako aldaketen gainean oraindik ekarpenak eta beste proposamen batzuk kontuan hartzeko aukera zabalik dagoela ere esan zuen alkateak; atzoko aurkezpen bilkuran egon zirenek izan zuten, besteak beste, horretarako aukera. Mugikortasun planean jaso dituzten neurriak eta aldaketak "faseka" gauzatuko ditu udalak; aurreproiektua eta proiektua aurten egin eta onartu nahi ditu, datorren urtean lehen lanak egiten hasi ahal izateko.

Arteaga, Gesalaga eta Akoa

G-631 errepideari lotutako trafiko aldaketek Arteaga auzoko sarrera-irteeretan eta Gesalaga kaleko zein Akoako bideko bidegurutzeetan izango dute eragin nabarmenena. 10.000 ibilgailu igarotzen dira egunero Zestoako herrigunea zeharkatzen duen errepidetik; horietatik 700dik gora dira "ibilgailu pisutsuak".

Arteaga auzoari dagokionez, gasolindegi pareko gaur egungo irteeran auzorako sarrera ere egokitzea jaso dute azterlanean; kostaldetik datozen ibilgailuentzat errepidea zeharkatzeko gunea antolatuko dute gasolindegiaren aurrean. Okindegiko etxearen ondoko sarrera mantendu egingo dute, Azpeiti aldetik datozen ibiligailuentzat. Pare hortako auzoko irteeran ibiligailuek Azpeiti alderako norabidea hartzea eragozteko neurriak ere aurreikusi dituzte; mugimendu hori egitea debekatuta dago gaur egun ere, baina hala ere hainbat gidarik egin egiten dute, eta maniobra "arriskutsu" hori saihestea nahi dute. Arteagatik irten eta Azpeiti alderako noranzkoa hartu nahi duten ibiligailuek Toribio Altzagarako bidegurutzeraino joan beharko dute kasu guztietan, buelta hartzeko.

Gesalaga kalea G-631 errepidearekin lotzen duen bidegurutzea, berriz, errepidera irteteko bakarrik erabiliko da, mugikortasun plan berria gauzatzen denean. Arocena hotel zenaren pareko bidegurutze hori herrigunera sartzeko nahiz herrigunetik irteteko erabiltzen da gaur egun. Aldaketak gauzatutakoan, ordea, herrigunetik errepidera irteteko bakarrik erabili ahal izango da, bai Azpeiti aldera, bai Zumaia aldera hartzeko, eta Akoako bidera igarotzeko ere bidegurutze hori baliatu beharko dute ibilgailuek errepidea zeharkatzeko. Gesalagako sarrera deuseztatuta, Enekosauztegi kaleko sarrera erabili beharko dute ibilgailuek –eskola txikiaren ondokoa–.

Abiadura murrizteko neurriak

Gesalagako bidegurutzeko aldaketekin lotura estua dute G-631 errepidean bidegurutze horren paretik Enekosauztegiko bidegurutzera arteko tartean ezarriko dituzten beste neurriek.

Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko, herrigunea zatitzen duen errepidean ibilgailuen abiadura moteltzea da helburuetako bat. Horretarako, erreiak nolabait estutzeko balioko duen koskadun zerrenda bat jarriko dute errepidearen erdian. Horrez gain, Enekosauztegiko bidegurutzearen parean semaforo berriak jarriko dituzte, zebrabidearekin, oinezkoek errepidea gurutzatzeko. Ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak gasolindegi pareraino zabaltzearen aukera kontuan hartzeko eskatu zuten atzo aurkezpenera joan ziren herritar batzuek, Arteagarako sarrera-irteera berrian arriskuak murrizte aldera.

Arteaga auzoa eskola handiarekin lotuko duen espaloi berria izango da esku-hartzeen beste elementu garrantzitsu bat; herrigunea espaloi berri horrekin lotzeko balioko du, besteak beste, semaforodun oinezkoen pasabide berriak. Gainera, Enekosauztegi kaleko bidegurutzearen bi aldeetan ere espaloiak eraikiko dituzte, eta gune horretako aparkalekua berrantolatu egingo dute.

Herri barruko aldaketak

Errepide nagusian ez ezik, herrigune barruan ere trafikoa zuzentzeko aldaketa garrantzitsuak egin nahi ditu udalak. Horrela, kale nagusienak norabide bakarreko bihurtuko dituzte. Toribio Altzaga –Gisasola adinekoen egoitza paretik aurrera–, Larrain, Gurutzeaga eta Gesalaga dira ibilgailuentzat norabide bakarra izango duten kaleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide