Oihana Orbegozo eta Naroa Agirre eskuz binakako txapelketako finalerdietara sailkatu dira

Aitziber Arzallus 2021eko martxoaren 6a

Gaur jokatu dituzte binakako Laboral Kutxa Master txapelketako final laurdenetako partidak Asteasun, eta Oihana Orbegozok eta Leire Garaik osatutako bikoteak eta Naroa Agirrek eta Olatz Arrizabalagak osatutakoak aurrera egitea lortu dute. Martxoaren 20an elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, Irunen.

Binakako Laboral Kutxa Master txapelketako final laurdenak lehiatu dituzte gaur Asteasun, eta emaitza ezinhobeak erdietsi dituzte eskualdeko pilotariek. Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Leire Garaik osatutako bikotea 22 eta  6 gailendu zaie Miren Larrarte eta Ane Urkizak osatutako bikoteari; eta Naroa Agirre zestoarrak eta Olatz Arrizabalagak 22 eta 4 irabazi diete Ainhoa Ruiz de Infante eta Arrate Bergarari. Gaurko garaipenari esker, final erdiak jokatzeko txartela poltsikoratu dute Orbegozok eta Agirrek, eta lehia horretan elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Hamanost egun barru izango da hori; hain zuzen ere, martxoaren 20an, Irunen.   

Astearen hasieran antolatzaileek iragarri zutenez, aurtengo lehiaketa egoerara egokituta prestatu behar izan dute. Txapelketa sekula baino motzagoa izango da eta hamasei pilotarik bakarrik parte hartuko dute, zortzi bikotetan banatuta. Final laurdenak gaur jokatu dituzte Asteasun, final erdiak martxoaren 20an jokatuko dituzte Irunen, eta final handia apirilaren 6an jokatuko dute, hori ere Irunen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide