Aurtengo Martxoaren 8aren bueltan antolatu duen egitarauari gaur eman dio hasiera Urola Erdiko Itaiak. 11:00etan hasita, asistentzia lanen eta emakume langileen zapalkuntzen inguruko hitzaldi bana izan da Azpeitian eta Zestoan, eta biek ere jarraipen zabala izan duten. Bihar goizean gai bera landuko dute Azkoitiko Elkargunean 11:30ean hasita egingo duten saioan.
Sarrera gira, atzera begira jarri dira, eta emakumeak lan mundura sartzean azaleratu ziren hainbat auzi eta gatazka izan dituzte hizpide Itaiako kideek. Asistentzia lanen inguruan sakondu dute eta horiek emakume langileen bizimoduan nola eragiten dutenaz solastu dira; izan ere, Itaiako kideen arabera, "horrek erabat baldintzatzen du emakumeon bizi eredua: soldatapeko lanaz gain etxeko lanak egin beharra, lan politikoa egiteko denbora falta...".
Egoera hori gaur egungo krisia tarteko "are okerragoa" dela azpimarratu dute. Ildo horretatik, hainbat adibide jarri dituzte, eta gaur egun emakume langileak prekarietatean bizitzera kondenatuta daudela salatu dute. Hori erakusten duten Urola Erdiko zenbait datu jarri dituzte mahaigainean, azken hilabeteotan azterketa lana egiten aritu baitira, hainbat sektoreko emakume langileen lanbaldintzak sakonean ezagutzeko . "Zestoako bainuetxean soldataren %15eko jeitsiera izan zuten, eta 17 orduko lanaldi igoera jasan zuten. Bestalde, erresidentzietako langileak ere egoera oso prekarioan dabiltza lanean. Langileen herena baino gehiago ez da iristen 1.000 euroko soldatara, bi erizain baino ez daude 140 pertsona artatzeko, eta adinekoek 90 minutuko arreta baino ez dure izaten".
Emakume langileen eskubideen eta askapenaren alde lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute, eta azpimarratu dute helburu hori lortzera bidean beste hainbat sektorerekin elkarlanerako prest ere badaudela. Horren adibide gisa jarri dute sindikatuen zaintza greba babestu eta bertan parte hartu dutela. Bide horretan lanean jarraitzeko deia egin dute, "egunerokoan emakume langileen alde borrokatuz eta antolatuz".
Azpeitiko hitzaldiko irudia: