Bi aldiz pasatu du koronabirusa

Anne Ulazia: "Hasieran, nire kasua oso arraroa zela esan zidaten medikuek"

Anartz Izagirre 2021eko martxoaren 5a

Koronabirusa bi aldiz izan du Anne Ulaziak (Arroa Goia, Zestoa, 1994). Lehen aldiz joan zen urrian pasatu zuen, eta abenduan "berraktibatu" egin zitzaiola azaldu du Ulaziak.

Noiz pasatu zenuen lehen aldiz COVID-19a?

Urriaren erdialdean izan zen. Nire amona Zestoako eguneko zentroan egoten da, eta handik deitu ziguten langile batek positibo eman zuela eta eguneko zentroko egoiliar guztiek etxera joan behar zutela esanez. Gurasoen gainean bizi naiz bikotekidearekin, eta amona gurasoekin bizi da; beraz, egunero egon ohi naiz harekin. Lanera joaten jarraitu nuen, ez bainintzen zuzeneko kontaktua izan, baina amonak positibo eman zuenean neuk ere PCR proba egin behar izan nuen, eta nire bikotekideak izan ezik etxeko beste guztiok eman genuen positibo; hau da, amonak, aitak, amak eta nik.

Sintomarik izan al zenuen lehen aldi hartan?

Bai, eta gogorra izan zen. Sukarra izan nuen, eta usaimena zein dastamena guztiz galdu nituen. Dena den, amonarekin geunden bereziki kezkatuta.

Hiru hilabete pasatxoren ostean, berriro eman zenuen positibo PCR proban.

Hala da. Donostiako Matia fundazioan egiten dut lan, adinekoen egoitzan; beraz, bizpahiru astero egin ohi ditugu PCR probak. Nik urrian positibo eman nuenez, ordea, hiru hilabetez probarik egin gabe egon nintzen, eta abenduan hasi nintzen berriro ere ohiko test horiek egiten. Egun batean, lanera sartzera nindoala, PCR probaren emaitza iritsi zitzaidan mugikorrera; positiboa zela jartzen zuen. Oso urduri jarri nintzen, eta pentsatu nuen akatsen bat-edo egongo zela. Orduan, nire medikuekin harremanetan jarri nintzen.

Zer esan zizuten medikuek?

Berriro ere PCR proba egin zidaten badaezpada ere, eta orduan ere positibo eman nuen. Horrez gain, test serologikoa egin nuen, eta larrialdietako medikuak deitu zidan esateko test serologikoan bi aldaera daudela: batek momentuan birusik ba al duzun esaten dizu eta besteak pasatu al duzun. Nire kasuan emaitzak esaten zuen momentu horretan ez nuela birusik, baina antigorputzak nituela. Beraz, medikuek atera zuten ondorioa izan zen ez nintzela berriro ere koronabirusaz kutsatu, baizik eta berraktibatu egin zitzaidala birusa. Esan zidaten nire birus-karga oso txikia zela, baina oraindik ere bazegoela beste pertsonak kutsatzeko aukera. Hori dela eta, etxeko denok konfinatu ginen. Halere, nire inguruko guztiek negatibo eman zuten probetan, eta nik ez nuen inolako sintomarik izan.

Ohikoak al dira zurea bezalako kasuak?

Hasieran, nire kasua oso arraroa zela esan zidaten medikuek. Oso urduri jarri nintzen jakin nuenean eta ziurgabetasun handia izan nuen. Esan zidaten, beharbada, birusaren aldaera berri bat izan zitekeela, baina mikrobiologoekin hitz egin ostean baieztatu zidaten ez zela hala. Aurrerago esan zidaten ez zela uste zuten bezain kasu arraroa, arrunta zela. Gertatzen dena da nik bizpahiru astero PCR probak egiten ditudala, baina koronabirusa pasatu duten beste herritar askok ez dute probarik egiten sintomarik ez dutelako izaten. Beraz, beste batzuei ere berraktibatzen zaie birusa, nahiz eta ez diren ohartzen. Txerto natural bat izatearen modukoa da gertatu zaidana.

Erresidentzia batean lan eginda, izan al duzu txertoa hartzeko aukerarik?

Bai. Koronabirusa pasatu dugunok oraindik ez dugu txertorik hartu, baina gainontzeko egoiliarrek eta langileek dagoeneko hartu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide