Zestoako EAJren udal taldeak jakitera eman duenez, joan den abuztuaren 5ean, lur emate zerbitzua eteteko erabakia hartu zuen Zestoako Udal Gobernuak. Harrezkero, hainbat herritar joan zaizkie kexaka, eta horregatik, Udal Gobernuak hartutako erabakiarekiko desadostasuna publikoki adierazteko beharra ikusi du oposizioko alderdiak. Haren ustetan, udalak lur emate zerbitzua eskaintzen jarraitu beharko luke. "Herri gehienetan tasak kobratzen dira, baina zerbitzua udalak kudeatzen du".
Erabakia bera eta hura hartzeko modua kritikatu ditu EAJren udal taldeak, eta "bi akats larri" nabarmendu ditu. Alde batetik, "komunikazio falta nabarmena" egon dela uste du. "Zerbitzua eteteko erabakia abuztuaren 5ean hartu zuen Udal Gobernuak, herritarrei jakinarazi gabe. Hori horrela, ondoren izan diren hildakoen senitartekoek informazio falta eta zerbitzu eza pairatu dituzte". Bestetik, erabakiaren ondorioz, lur emate zerbitzua esku pribatuetan utzi izana gaitzetsi du. "Zerbitzua hemendik aurrera ehorztetxeek kudeatu beharko dute eta familiek horiei ordaindu beharko diete. EH Bildu pribatizazioaren aurka agertzen denez, paradoxa galanta iruditzen zaigu".
EAJren udal taldeak ohar bidez azaldu duenez, gaur egun, lur emateak udal zerbitzu moduan goizez bakarrik egiten dira Zestoan, udal langileen ordutegiaren barruan, hain zuzen. Lur emate gehienak, ordea, arratsaldez izaten dira, eta horri erantzun nahian ariko litzateke udala, "ehorzketa enpresekin hitz egiten, hitzarmena egiteko asmoz". Oposizioko alderdikideen ustez, "egokiagoa litzake udalak tasa batzuk onartzea eta familiek udalari ordaintzea, herri gehienetan egiten den moduan". Haien iritziz, "erabaki hau hartzeko arrazoiak ezin du izan udal langileen soldata gehigarria; beste zenbait herritan bezala, hori arautu daiteke".