Zestoako herriguneko Mugikortasun Plana aurkeztuko du udalak, martxoaren 10ean

Nerea Uranga 2021eko martxoaren 2a

Plana aurkeztuko duten bileran parte hartzeko, herritarrek aurrez izena eman beharko dute martxoaren 9a baino lehen. Endara ingeniaritza taldeak egindako proiektua aurkeztuko dute, martxoaren 10ean, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Zestoako herrigunerako Mugikortasun Plana aurkeztuko du Zestoako Udalak martxoaren 10ean, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Plan horren barruan, GI-631 errepideak gaur egun Zestoako herrigunera dituen sarrera eta irteeren konponketaren eta proiektuaren inguruko azalpenak emango ditu udalak.

Zestoako Udalak urtarriletik dauka Endara ingeniaritza taldeak egindako proiektua esku artean. Udalak, aurretik egin nahi zuen egitasmo horren aurkezoena, baina "egungo egoerak" baldintzatu du proiektu horren aurkezpenaren egutegia. "Egoera luzatzen ari dela ikusita eta proiektua epe laburrean martxan jartzeko helburuarekin", aurkezpeneko bilera datorren astean egitea erabaki du udalak.

Aurrez, izena eman behar da

Martxoaren 10ean egingo den proiektuaren aurkezpen bileran parte hartzeko, baina, aurrez ezinbestean izena eman behar dela zehaztu du udalak. 30 pertsonak hartu ahal izango dute batzar horretan gehienez. Izena martxoaren 9a baino lehen eman beharko da, 943-14 70 10 telefono zenbakira deituta edo administrazioa@zestoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide