Garikoitz Mendizabal txistularia (Zestoa, 1973) lan berri batean murgilduta dabil; oraingo honetan, Euskadiko Orkestrarekin Gutizia diskoa grabatzen ari da. Konpositore desberdinek txistu eta orkestrarako egindako zortzi obrek osatuko dute lana. Joan den asteazkenean hasi ziren entseatzen, eta ordutik grabazio lanetan ari dira musikariak, Donostian Miramonen Euskadiko Orkestrak duen egoitzan. Jaume Santonja ari da orkestra zuzentzen. Gainera, proiektuan parte hartuko dute Naroa Intxausti sopranoak, Eva Ugaldek zuzentzen duen Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatzak eta Iñaki Telleriak nahiz Marc Blanesek produkzioan eta soinuan.
Orkestra sinfoniko batekin lan egiten duen aurreneko aldia ez du Mendizabalek, baina Euskadiko Orkestrarekin aritzea "izugarrizko oparia" dela aitortu du txistulariak. "Orkestra batekin lan egitea ez da esperientzia berria niretzako, baina proiektu hau pixka bat desberdin bizitzen ari naiz. Orkestrakoak zein konprometituta eta zein interesekin ari diren lanean ikustea opari bat da niretzat. Euskadiko Orkestrak oihartzun handia dauka; opari ona eta polita da", adierazi du. Orain arte, batik bat, kanpoko orkestrekin jardun izan du lanean, "kanpoko orkestrekin aritu naizenetan ere harremana ona izan da, baina kultur enbaxadore gisa joan izan naiz kasu horietan eta desberdina da".
Euskadiko Orkestrarekin abiatu duen proiektuaren nondik norakoa, orain dela hamar urte, 2011. urtean kokatu du Mendizabalek. Sasoi hartan, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin Txistu Symphonic grabatu zuen. "Dagoeneko, lan hura egin nuenetik, urte batzuk pasatu dira, baina urte hauetan guztietan beti eduki dut begiz jota obra berriak osatu eta egin behar nituela txistu eta orkestrarako. Hala, hainbat konpositorerekin jarri nintzen harremanetan, eta oraingo hau da guzti horren emaitza". Gutizia jarri diote izenburua proiektu berriari. "Uste dut izen polit horrek zapore ona, elegantzia, delicatessena… ekartzen dizkigula gogora. Guzti hori badauka orkestrak, eta egitasmorako sortutako obra berriek ere eduki dezakete osagai hori. Egitasmo hau bada modu bat txistua eta orkestra elkartzeko eta menu atsegin eta erakargarri bat egiteko. Gainera, denetik dago osatu dugun menu honetan".
Propio eginak edo moldatuak
Gutizia lanak propio txistu eta orkestrarako egindako edo moldatutako zortzi obra bilduko ditu. "Denetik dago obren artean, baina denek dute ezaugarri hori. Pare bat pieza badaude beste instrumentu batzuekin ere jo izan direnak, kasu honetan, txistuarekin jo ahal izateko moldatu dira”, zehaztu du. Obra horiek sortzeko zein konpositorengana joan argi izan du Mendizabalek: “Garbi neukan diskoak nolakoa izan behar zuen, horretarako gustuko ditudan konpositore batzuekin lanean jardun, eta haiei esan nien nolako konposizioak nahi nituen. Era horretan, lan berriak biltzen joan naiz azken urteetan. Gainera, nire zorionerako, Euskadiko Orkestrak bere egin du proiektua eta orain ari gara disfrutatzen elkarlan horren emaitza”.
Honako obrak dira Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Euskadiko Orkestrak Gutizia lanean bilduko edota estreinatuko dituztenak: Leyenda (Eduardo Moreno), Txistu eta orkestrarako kontzertua (Naji Hakim), Hora stacatto (Grigoras Dinicus eta orkestrazioa, Iñaki Urkizu), Iruten ari nuzu (herrikoia eta orkestrazioa, Kepa de Miguel), Atzo ttun ttun (herrikoia eta orkestrazioa, Kepa de Miguel), Karibu Peponi (Javier Martinez Campos), Symphony-Concerto (David Johnstone) eta Fandango Zaharra (ezezaguna eta orkestrazioa, Pierre Wekstein).
Txistuaren zabalkundea
Euskadiko Orkestrarekin egiten ari den proiektuak badu beste helburu bat ere Mendizabalen hitzetan: "nazioartean txistuak aurkezpen gutun elegante bat izatea, musika instrumentu horrek orain arte baino zentzu gehiago izan dezan nazioarteko zirkuitu sinfonikoan”. Txistulari zestoarrak uste du, gainera, proiektu honekin xede hori lortuko dela.
Txistuak "berezkoak" dituen gauza asko ditu Mendizabalen arabera: "Hain da egunerokoa, ezaguna eta beharrezkoa hainbat arlotan: dantzetan, festetan, inaugurazioetan, protokoloetan… Horrek gure alde egiten du, baina badaude beste hainbat arlo eta ate ireki behar direnak. Orkestra sinfonikoarena da horietako bat". Ateak irekitzea ez da erraza, baina behin zabaldutakoan bidea egitea besterik ez da gelditzen, musikariaren arabera. "Samurra ez da, baina erakutsi dut posible dela, eta gustatuko litzaidake proiektu honekin kanpoko orkestrek ere aukera izatea gure instrumentu eder hau ezagutzeko. Ate hori irekita dago, baina orain bidea egin behar dugu".
Gutizia proiektuaren grabazioa Orpheus Classical diskoetxeak hartu du bere gain, eta CD formatuan editatuko dute eta Spotify eta iTunes plataformetan eskuragai jarriko. Proiektuaren emaitza udazkenean kaleratzea dute aurreikusita.