Zestoako Saharauien Kolektiboak deialdiak egin ditu datozen egunetarako, Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatzeko

Nerea Uranga 2021eko otsailaren 20a

Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatuz eta Saharako herriaren kontrako errepresioa salatzeko hitzaldia eta elkarretaratzea antolatu ditu Zestoako Saharauien Kolektiboak, Zestoako Gaztetxearekin elkarlanean.

Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta herri sahararrak bizi duen errepresioa salatzeko ekintzak antolatu ditu datorren asterako Zestoako Saharauien Kolektiboak Zestoako Gaztetxearekin elkarlanean, Errepresioa gelditu, Sahara askatu! lelo hartuta.

Astearterako, otsailaren 23rako, hitzaldia antolatu dute, 18:00etan hasita, Zestoako Liburutegi azpiko lokalean. Gatazkaren testuinguru historikoa eta gaur egungo egoera izenburu hartuta izango da solasaldia.

Ostegunera, otsailaren 25erako, berriz elkarretaratzera deitu du kolektiboak. 19:00etan, Zestoako plazan. Mobilizazio hori Errepresioa eta okupazioaren aurrean, autodeterminazio eskubidea saharar herriarentzat lelo hartuta egingo dute.

Zestoako Saharauien Kolektiboak adierazi du ekintzak egun indarrean dauden distantzia eta osasun segurtasun neurriak kontuan hartuta egingo dituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide