Herriko emakume batek eraso "xenofoboa eta matxista" jaso duela jakinarazi eta salatu dute gaur Zestoan. Hain zuzen ere, emakume horren bizilekuan gutun eta ohar anonimoak agertu direla azaldu du Zestoako Txoko Feministak sare sozialen bidez, eta mezu horietan emakumeari zuzendutako mehatxuak eta irainak daudela.
Txoko Feministak "gogor salatu" du gertatutakoa, eta "argi" utzi nahi izan dute ez dutela "horrelako gertaerarik inolaz ere onartuko". Erasoa jaso duen emakumeari elkartasun mezua ere igorri diote Txoko Feministako kideek, hitz hauekin: "Zestoarrok zurekin gaude! Eta herrian nahi zaitugu, ezer ere kendu ez eta ematen diguzun guztiagatik!".
Gertaera horren aurrean, elkarretaratzea egingo dute gaur, Bargaztak talde feministak deituta. Ez dugu bat bera ere onartuko, aski da. Zestoarrok zurekin gaude lelopean egingo dute protesta, 19:00etan, herriko plazan.