Artedrama eta Huts Teatroa konpainiek Atzerrian lurra garratz antzezlana estreinatuko dute gaur, otsailak 12, Oñatiko (Gipuzkoa) Santa Ana antzokian. Laura Penagos eta Ander Lipus dira Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako obrako aktoreak. Otsailaren 5ean estreinatu behar zuten obra Luhuson (Lapurdi), baina izurritea tarteko, Ipar Euskal Herriko aretoak itxita daude. "Urduri, baina gogoz" daude lan berria jendaurrean egiteko, "sorkuntza lana ikus-entzuleekin partekatzeko".
Aurora Mora da antzezlanerako sortu duten pertsonaia, hala kontatu du Gaztañagak: "Aurora Mora etorkin kolonbiarra da, eta lau urte daramatza Euskal Herrian bizitzen. Artista plastikoa da eta bere instalazioa estreinatzear da. Momentu horretan, baina, Kolonbiatik ahizparen dei bat jasoko du, beren ama hil dela esanaz. Istorioa dolu gau bat da, eta Aurorak hautua egin beharko du, non sustraitzea erabaki beharko du, Euskal Herrian geldituz edo Kolonbiara itzuliz".
Atzerrian lurra garratz obraren sortzeko eta tajutzeko prozesua bi urtekoa izan da, "prozesu ederra" Gaztañagaren hitzetan. "Orain dela bi urte hasi zen obra sortzeko prozesua. Ander Lipus jarri zen nirekin harremanetan, esanaz Laura Penagosen testu batzuk zituela eta testu haiekin zerbait sortzea nahi zuela. Idazketa prozesurako deitu zidan orduan, baina behin aurrera zihoanean, zuzentzen hasi nintzen", azaldu du Gaztañagak.
"Obraren geruzak"
Bi urteko prozesuak, obra zuzentzeko garaian, kontu askotan sakontzeko aukera eman dio obraren zuzendariari. Hala azaldu du, "beste sortze prozesu azkarrago batzuetan, igoal, zailagoa da obraren geruzak bilatzea. Kasu honetan, ordea, bi urteko denbora luzea izan dut kontu horietan gehiago murgiltzeko".
Gaztañagak obra bat baino gehiago zuzenduta ditu, baina denen prozesua erabat desberdina dela adierazi du. "Istorio desberdinak diren momentutik, kontatzen ari zaren horrek bere berezitasunak izaten ditu, eta bide desberdinetara jotzen da. Atzerrian lurra garratz obraren kasuan, bi aktore dira eszenan, baina bakoitzak pertsonaia desberdinak interpretatzen ditu".
Aurora Mora antzezlaneko protagonista kolonbiarra da jatorriz, Hego Ameriketakoa. Gaztañagak "odolean barneratuta" daraman zerbait da Hego Amerika, hala dio: "Ekuadorren jaioa naiz eta badakit Hego Amerika zer den. Garbi neukana da Hego Amerika hona ekarri behar genuela, eta hori obran une oro agertzen da. Hego Amerika garratza da, baina aldi berean kolore salbajea duen herrialdea da".