Eusko Jaurlaritzak herri gorrien zerrendatik atera du Zestoa, eta, ondorioz, tabernek eta jatetxeek ateak ireki ahal izango dituzte bihartik aurrera, eta baimenduta egongo dira taldean kirola egitea eta eskola kirola. Horrez gain, bertan behera geldituko dira udalak ezarritako aparteko neurriak ere. Kiroldegiko erabiltzaileek edukiera mugak errespetatu beharko dituzte, baina ez dute aurrez hitzordurik hartu beharko, eta gainontzeko eraikin publikoetan murrizketa orokorreko neurriak sartuko dira indarrean. Halaxe jakinarazi du Zestoako Udalak.
5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, Jaurlaritzak hiru aldagai hartzen ditu kontuan eremu gorriko murrizketak ezartzeko garaian: astebetean herrian izan diren positiboen kopurua, herriko intzidentzia tasa eta osasun eremuko tasa. Astebetean bi positibo edo gehiago egonez gero, eta herriko eta osasun eremuko intzidentzia tasek 500eko muga gaindituz gero, ostalaritza ixteko agindua ematen du eta taldeko kirola debekatzen du. Zestoan hamahiru positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunotan eta 975,86 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, baina Zumaia-Zestoa-Getaria osasun eremuko intzidentzia tasa 500dik beherakoa da, 482,54koa hain zuzen, eta horregatik, murrizketak kentzea erabaki du Jaurlaritzak.
Dena dela, neurriak "zorrotz" betetzeko eskatu die udalak herritarrei. "Zestoako intzidentzia tasa metatuaren bilakaera beheranzkoa izan arren, zenbaki oso altuetan jarraitzen dugu, eta osasun eremukoa ere 500etik oso gertu dagoenez, herriko eremu guztietan neurriak zorrotz betetzea ezinbestekoa izango da. Horrela ezean, ostalaritza berriro ixteko arriskuan legoke, eta une honetan gehien sufritzen ari den sektoreetariko bat izanik, benetako elkartasuna eta sostengua adierazteko erarik onena guztiok segurtasun neurri guztiak zorrotz betetzea da".