Bizkaia Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur, igandea, Bilboko Miribilla pilotalekuan, 12:00etan hasita. Berez, Naroa Agirre arroarra finala jokatzekoa zen Olatz Arrizabalaga bikotearekin, baina, azkenean, lehia horretatik kanpo utzi zituen antolakuntzak, "araudia interpretatzerakoan akatsa" egin egin zuelako. Azkenean, Ainhoa Ruiz de Infantek eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatu dute haien ordez finala, Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka.
Finaletik kanpo geratuta, Agirrek eta Arrizabalagak hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatzearekin konformatu behar izan dute, nahiz eta ez zeuden ados antolakuntzak hartutako erabakiarekin. Oihana Orbegozo azpeitiarra eta Amaia Aldai izan dituzte aurkari pilotalekuan, eta partida parekatua izan den arren, azkenean, Orbegozo eta Aldai gailendu dira. Nahikoa berdinduta joan da markagailua neurketa osoan zehar, baina amaierarako Orbegozok eta Aldaik aurrea hartu dute; 22 eta 17 bukatu da neurketa.