Naroa Agirre pilotari arroarrak eta haren bikote Olatz Arrizabalagak ezingo dute Bizkaia Txapelketako finala jokatu igandean. Antolakuntzak jakinarazi du akatsa egin zuela araudia interpretatzerakoan, eta okerreko bikoteari eman ziola finalerako txartela. Parte hartzaileetako batek jarritako erreklamazioaren ondotik egin du berrikusketa antolakuntzak, eta azkenean ebatzi du Ainhoa Ruiz de Infantek eta Olatz Ruiz de Larramendik osatzen duten bikoteari ematea hasiera batean Agirrek eta Arrizabalagak osatzen duten bikoteari emandako txartela.
Kontua da jokatutako bi partidetatik bana irabazi zuela bikote bakoitzak. Horrela, talde bereko hiru bikoteren arteko berdinketarekin bukatu zuten sailkapen fasea. Antolakuntzak, hasieran, egindako tantoak hartu zituen kontuan, eta Agirreren bikoteak nahiz Ainhoa Ruiz de Infantek eta Olatz Ruiz de Larramendik osatzen dutenak 35na puntu zituztenez eginda, elkarren kontrako partida irabazi zuenari eman zion aurrera egiteko aukera. Araudiko zortzigarren artikuluaren arabera, ordea, berdinketaren kasuan aldeko eta kontrako tantoak hartu behar dira kontuan, eta hori da antolakuntzak orain egin duena. Ruiz de Infantek eta Larramendik 13 tanto egin zituzten galdu zuten partidan, eta 9 egin zizkieten irabazi zutenean (+4); Agirrek eta Arrizabalagak 13 egin zituzten galdu zutenean, eta 13 egin zizkieten irabazi zutenean (0); eta Iera Agirrek eta Arrate Bergarak 9 egin zituzten galdu zutenean, eta 13 egin zizkieten irabazi zutenean (-4). Horrenbestez, Ruiz de Infantek eta Larramendik jokatuko dute finala.
Finaletik kanpo geratuta, Agirrek eta Arrizabalagak hirugarren eta laugarren postuetarako partida lehiatzearekin konformatu beharko dute. Lehia horretan, Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldaik osatzen duten bikotea izango dute aurkari. Jaialdia etzi izango da Bilboko Miribilla pilotalekuan, 12:00etan hasita.
Antolakuntzak barkamena eskatu du egindako akatsak sortutako eragozpenengatik.