Bihartik aurrera, hilak 29, prebentzio neurri berriak izango dira Zestoako udal eraikin guztietan. Azken egunetan positibo asko zenbatu dituzte Zestoan egin diren PCR zein antigeno probetan, eta une honetan 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa milatik gorakoa da, eskualdeko altuena eta Gipuzkoako altuenetakoa. Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzaren osasun eta segurtasun neurriez gain, neurri gehiago hartzea erabaki du udalak.
Herriguneko eraikinei dagokienez, Kultur Etxean, Gaztelekuan, Udal Liburutegian, Alonderoko aretoan, Udal Kiroldegian eta Idiazpiko lokaletan ezarriko dituzte neurriok; horrez gain, Aizarnako Arroa Goiko, Arroa Beheko, Iraetako eta Lasaoko eraikin publikoetan ere izango dute eragina.
Batetik, eraikin horietan ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu —osasun agintaritzak baimendutako jardueretan—. Halere, salbuespenak egongo dira; izan ere, ikastetxeko maila bereko (burbuila) edo familia unitate bereko kideek gainditu ahal izango dute udalak zehaztutako kopuru hori, betiere eraikineko arduradunari aurrez jakinarazita eta haren onespena izanda. Bestetik, kiroldegiko zerbitzuak erabili ahal izateko aurrez hitzordua eskatu beharko da, eta aurrez aurreko gimnasia ikastaroak bertan behera uztea ere erabaki dute; Zestoan, Arroa Behean eta Aizarnan ematen ari ziren ikastaroak dira momentuz etenda geldituko direnak. Horrez gain, eraikin publikoetan ezingo dira gauzatu hitzaldiak, topaketak, batzarrak eta bestelako ekitaldiak.
Udalak arduraz jokatzeko eta osasun gomendioak betetzeko eskatu die herritarrei: "Batez ere oso garrantzitsua da hiru oinarrizko neurriak jarraitzea: garbitasuna, maskararen erabilera nonahi eta pertsona pilaketak saihestea". Erakundeak gaineratu du "denon esku" dagoela egoera bere onera bueltatzea, eta "herritar guztien ahaleginari esker" egoera larritik ateratzea lortuko duela Zestoak.