Kiroldegia erabiltzeko aurrez hitzordua hartu beharko da Zestoan ostiraletik aurrera

Mailo Oiarzabal 2021eko urtarrilaren 27a

Zestoan, Arroa Behean eta Aizarnan ematen dituzten aurrez aurreko gimnasia ikastaroak bertan behera uztea ere erabaki dute, COVID-19aren kutsatze tasa dela eta.

Atzo beste sei zenbatuta, azken zazpi egunetan 28 lagunek positibo eman dute SARS-CoV-2 atzemateko probetan Zestoan, eta milatik gorakoa da COVID-19aren intzidentzia tasa. Positiboen gorakada berria dela eta, udal kiroldegian neurriak hartzea erabaki dute.

Bi dira gaur bertan jakinarazi dituzten neurriak. Batetik, ostiral honetatik aurrera, kiroldegiko zerbitzuak erabili nahi dituztenek derrigorra izango dute bezperatik hitzordua hartzea. Horrekin lotuta, eguerditako eta larunbat goizeko ordu txandetan moldaketak egin dituzte kiroldegiaren arduradunek: eguerdietan 12:15etik 13:45era eta 14:00etatik 15:45era izango dira txandak; larunbatetan, berriz, 09:00etatik 10:15era, 10:30etik 11:30era eta 11:45etik 13:00etara izango dira zerbitzuak erabiltzeko txandak.

Bestetik, aurrez aurreko gimnasia ikastaroak bertan behera uztea erabaki dute kiroldegiaren arduradunek. Zestoan, Arroa Behean eta Aizarnan ematen ari ziren ikastaroak dira momentuz etenda geldituko direnak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide