250 herritar inguruk erantzun dute Zestoa 2030 Herri Plangintza osatzeko galdetegia

Anartz Izagirre 2021eko urtarrilaren 26a

Mikel Arregi Zestoako alkateak balorazio "oso baikorra" egin du galdetegiaren erantzunaren inguruan. Udalak Aste Santurako Zestoa 2030 Herri Plagintzaren zirriborroa eginda izatea aurreikusten du.

Zestoako Erdikalea.

Zestoa 2030 Herri Plangintza proiektua aurkeztu zuen joan zen azaroan Zestoako Udalak. Proiektuaren helburua da datozen hamar urteetan herriaren beharrak eta lehentasunak zeintzuk diren ezagutzea, eta diagnostikoaren fasean dago gaur-gaurkoz proiektua. Herritarren iritzia jakiteko eta ekarpenak jasotzeko galdetegia ezarri zuten duela hilabete batzuk udalaren webgunean, eta 250 pertsona inguruk erantzun dute. Mikel Arregi Zestoako alkateak balorazio "oso baikorra" egin du galdetegiaren inguruan: "Ez genuen espero galdetegia horrenbeste herritarrek erantzungo zutenik. Ez zen galdetegi sinple bat, baina halere jende askok erantzun ditu galderak".

Galdetegiaren fasea bukatu arren, Zestoa 2030 Herri Plangintzaren diagnostikoaren fasea ez da oraindik amaitu. Izan ere, udalak herriko eragile ezberdinen zerrenda bat egin du, eta Arregik azaldu du "elkarrizketa prozesuan" daudela orain. Horrez gain, proiektuaren barruan udalaren barne-mailako funtzionamendua hobetzeko lanetan ere ari da erakundea Siadeco elkartearekin zein Euskalit fundazioarekin, kudeaketa aurreratua helburu. Bestalde, Arregik aurreratu du Aste Santurako Zestoa 2030 Herri Plangintzaren zirriborroa izatea espero dutela, nahiz eta pandemiak epeak atzera ditzakeen.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide