Naroa Agirrek Bizkaia Txapelketako finala jokatuko du igandean

Julene Frantzesena 2021eko urtarrilaren 26a

Olatz Arrizabalaga izango du bikote lehian, eta Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi izango dituzte aurrez aurre. Bilboko Miribilla pilotalekuan izango da norgehiagoka, 12:00etan hasita. Hirugarren postua lortzeko lehian ariko da Oihana Orbegozo azpeitiarra.

Naroa Agirre pilotari arroarrak Bizkaia Txapelketako finala jokatuko du igandean, Bilboko Miribilla pilotalekuan (12:00). Olatz Arrizabalaga izango du bikote lehian, eta Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendi izango dituzte aurrez aurre. Atzo, astelehena, aukeratu zuten finalerako materiala pilotariek, eta dagoeneko txapela lortzeko lehia jokatzeko prest dira.

Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontrako neurketa 13 eta 22 galduta lortu zuten finalerako txartela Agirrek eta Arrizabalagak; izan ere, taldeko sailkapena hartu zuten kontuan finalerako txartela eskuratzeko. Hiru bikote ziren puntu berberekin taldean, eta aldeko tanto kopuru bera zuten horietako bi bikotek. Hori dela eta, bi bikote horien arteko neurketako emaitza hartu dute kontuan finalerako txartela banatzeko; hain zuzen ere, Agirrek eta Arrizabalagak Olatz Ruiz de Larramendiren eta Ainhoa Ruiz de Infanteren kontrako neurketa irabazi egin zuten, eta garaipen hark eman die finalerako pasea.

Bestalde, Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak txapelketako hirugarren postua lortzeko neurketa jokatuko dute igandean, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra. Izan ere, 16 eta 22 nagusitu ziren Orbegozo eta Aldai Miren Larrarteren eta Gentzane Aldairen kontrako partidan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide