Datorren hilean Zestoan jokatzekoa zen 2021 Kobaz Koba Traila bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, horren berri probaren webgunean jarritako ohar baten bidez eman dute. Hala diote: "Pandemiaren bilakaerak zuhurrak izatera eta familia handi honetako kide garenon segurtasuna eta osasuna lehenestera behartzen gaitu. Familia honetako parte bihurtu gara antolatzaile, parte hartzaile, boluntario, babesle, laguntzaile eta probaz urtez urte gozatzen dutenak".
Aurten proba ez jokatzeak "pena izugarria" eragiten die antolatzaileei, baina haien ustez "ulergarriak" dira koronabirusa kutsatzea eta zabaltzea saihesteko hartutako neurriak eta uste dute arauak denek errespetatu beharrekoak direla "ahalik eta azkarren pandemia honekin amaitzen laguntzeko".
Aurten Kobaz Koba Traila jokatuko ez den arren, 2022koa prestatzen hasiko da antolatzaile taldea "buru-belarri".
2020ko Kobaz Koba Traila joan den otsailaren 9an jokatu zen, eta Julen Ozaeta eta Oihana Kortazar izan ziren orduko irabazleak. Probaren irabazleekin bideoa egin zuen Urola Kostako HITZAk. Bideoa ikusteko hemen.