Txirrindularia

Jon Agirre: "Esperientzia hartzea, ahalik eta emaitza onenak lortzea eta mailara egokitzea dira helburuak"

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 24a, 11:33

Kern Pharma taldearekin kontratua bi urterako luzatuta, profesionaletan bigarren denboraldia hastear da Agirre (Arroa Behea, 1997). Aurten, UCI Pro Team mailan lehiatuko da. Besteak beste, Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko aukera izango du.

Kontratua luzatu duzu Kern Pharmarekin. Taldeak zurekin konfiantza duen seinale, ezta?

Iaz urtebeterako kontratuarekin hasi nintzen, eta orain beste bi urterako luzatu didate, 2022ra arte. Horrek lasaitasuna ematen du, bai, lanean jarraitzeko eta taldeak nigan jarri duen konfiantza horri gauzak ahalik eta ondoen eginez erantzuteko.

Profesionaletan bigarren denboraldia hastear, zer balantze egiten duzu estreinaldikoaz?

Konfinamendua eta gero gaixotu egin nintzen, tripetatik gaizki ibili nintzen. Gero, ondo jarri nintzanean, Limousineko Tourrean erorikoa izan nuen eta horren ondorioz zerbikaletatik gaizki ibili nintzen, Beraz, lehen urteak niretzat bi alde ezberdin izan zituela esango nuke, konfinamenduaren aurretik oso gustura aritu nintzen, eta konfinamenduaren ondoren, aldiz, zorte txarra izan nuen. Atseden hartu eta gero, gogotsu nago orain.

Aurten Kern Pharma UCI Pro Team-era igo da, profesionaletako bigarren mailara. Zer suposatuko du horrek, taldearentzat zein zuretzat?

Exijentzia areagotzea ekarriko du horrek. Maila handiagoko lasterketetan parte hartzeko aukera zabaldu zaio taldeari; Espainiako Vueltan edota Euskal Herriko Itzulian aritzekoa, adibidez. Beraz, exijentzia gehiago ekarriko digu txirrindularioi, baina baita motibazioa eta ilusioa ere, beti amestu izan ditugun lasterketak korritzeko aukera daukagulako.

Ba al dakizu zer lasterketa egutegi beteko duzun?

Bai. Berez, hurrengo astean nintzen hastekoa, Mallorcan [Herrialde Katalanak], baina atzeratu egin dute lasterketa hori, dagoen egoeragatik. Beraz, otsailera arte ez dut lasterketarik izango. Martxoan, berriz, Istriako Tourrean lehiatuko naiz, Kroazian. Martxoko lehen astean izango da hori. Ondoren, apiril hasiera arte, altitudeko kontzentrazioa egingo dut, apiril hasieran Euskal Herriko Itzulia egiteko.

Koronabirusaren etorrerak erabat baldintzatu zuen iazko denboraldia. Aurtengoaren hasiera ere bide horretatik al doa?

Lasterketa bat erortzen denean kezka pixka bat sortzen da, baina espero dugu dena nahiko normal joatea eta hemendik atzerako lasterketak korritzea. Uste dut behin lehiatzen hasiz gero, besteak ere atzetik etorriko direla eta aukera gehiago izango dela lehiatzen jarraitzeko. Ea, behintzat, programatutako gehienak korritzeko aukera dagoen.

Lasterketaren bat ba al duzu bereziki begiz jota?

Euskal Herriko Itzulia korritzeko ilusioa daukat, hori ahal den mimo gehienarekin prestatu nahi dut.

Zer helburu jarri diozu zeure buruari profesionaletako bigarren denboraldi honetarako?

Mailara egokitzeko lanean jarraituko dut, eta zortea alde edukitzea espero dut. Gainerakoan, taldeak garaipen asko lortzea espero dut, eta horietan neure aletxoa jartzea, baita taldekideek irabazi ahal izateko ere. Esperientzia hartzea, ahalik eta emaitza onenak lortzea eta mailara egokitzea dira helburuak. Iaz ez genuen ia batere korritu, ea aurten jarraipen eta zorte pixka bat gehiago dugun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide