1879ko erloju mekanikoa jarri dute ikusgai Zestoako udaletxean

Andoni Elduaien 2021eko urtarrilaren 22a

Zestoako Udalak 1879. urtean Zestoako kanpandorrerako erosi zuen erloju mekanikoa auzolanean zaharberritu dute, eta udaletxean ikusgai jarri dute.

Gaurtik aurrera zestoarrek balio historiko handia duen elementu bat gehiago aurkituko dute udaletxean, elizako kanpandorrean egon izan den 1879. urteko erloju mekanikoa udaletxean kokatu baitute. Auzolan talde batek zaharberritu du erlojua, eta urtebeteko lanaren ondoren, udaletxean gertutik entzun ahal izango dira orduro kanpai hotsak.

Erlojua udalarena izanagatik, udalak bere eskuetan hartu zuen duela urte batzuk, eta "aukera desberdinak" aztertu zituztela azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak. "Aukeretako bat berriz kanpandorrera itzultzea zen, baina kanpandorreak dituen irisgarritasun arazoak ikusita, eta kontutan hartuta erlojua herritarren ondarea dela, herritarrek erlojua ikusgarri izateak bere balio erantsia zuela pentsatu genuen", azaldu du alkateak. Udalak eragile desberdinekin hitz egin zuela azaldu du Arregi alkateak, "tartean Eliza". Gaurko aurkezpenean Arregik adierazitakoaren arabera, Elizak berak ere "erloju modernoago bat" jartzea nahiago zuela jakinarazi zion udalari. Egun, Elizako erlojua "martxan" dago, kanpai sistema guztiak martxan dituela eta orduak "zuzen" adieraziz.

Herritarrentzat ikusgarri jartzeko erabaki horretan murgilduta, lehen kanpandorrean zegoen 1879. urteko erloju mekanikoari udalak beste kokapen bat ematea pentsatu zuela azaldu du Arregi alkateak. "Eragile desberdinekin eta udalarekin elkarlanean ibili den auzolan taldearekin hitz egindakoan ikusi genuen erlojua herritarren eskuetan jartzea. Jendearen begibistan egon ezin zitekeen leku batean jartzea baino askoz hobea da guztion etxean, herriko etxean jartzea", azpimarratu du alkateak. Udaletxean horretarako lekua bazegoela adierazi du Arregik; "beretzat propio egokitutako lekua dela ematen du".

Zaharberritzea, auzolanean

Jon Egiguren, Jexux Ilarramendi, Manuel Arregi, Xanti Zabala eta Jose Manuel Goenaga aritu dira erloju mekanikoa zaharberritzeko auzolanean. Azaldu dutenez, udalak duela urtebete inguru egin zien proposamena, nahiz eta artean erlojua jartzeko "kokapen zehatzik ez" izan. "Udalari epe labur bat eskatu genion erantzun bat emateko, izan ere bi kezka genituen. Batetik, Santa Engraziko eraberritzean eta hango lanetan izan genuen esperientzia gazi-gozoa, eta bestetik, erlojuaren egokitzapen teknikoa. Erlojuak egokitzapen tekniko batzuk behar zituen, eta ikusi behar genuen gai ginen lan horiek egiteko. Gu ez gara erloju lanetan adituak, baina taldean badaude esperientzia handiko mekanikariak", azaldu dute auzolan taldeko kideek. Auzolaneko kideek azaldu dute, antzerako erloju batzuk-eta ikusita konturatu zirela gisa horretako erlojuak mekanikaz ulertzen duten herritarrek kudeatu eta mantendu dituztela orain artean. "Ez genuen erlojuan behar berezirik beharko zukeenik ikusi. Egokitzapen teknikoa egiteko modua ikusten genuenez, baiezkoa eman genion udalari", azaldu du. Erlojua orain kokatu duten udaletxeko zatian jartzea proposatu zion gero udalak auzolan taldeari, eta hori jakindakoan, "burubelarri" lanean sartu zirela adierazi dute auzolan taldekoek.

Horien arabera, erlojuak orain duen kokapena da bere berezitasuna. "Erloju mekaniko batzuek kanpandorreetan jarraitzen dute, elektrizitatea eta elektronika sartuta batzuk, baztertuta besteek. Erlojuak kanpandorrean zuen funtzionamendu erreala emateko aukera ematen du udaletxeak ere, hau da, elektrizitaterik eta elektronikarik gabe", egin dute azpimarra. Erlojua kanpandorretik udaletxera lekualdatzerakoan, aldaketa txiki batzuk egin dizkio auzolan taldeak erlojuari. Batetik, pisuak aldatu dizkiote, izan ere, lehen harrizko pisuak zituen erlojuak, baina aurrerantzean burdinezkoak izango ditu; halere, originalak ere ikusgai jarri dituzte udaletxean. Bestetik, auzolan taldeak kanpai txiki bat jarri dio erlojuari lehen elizako kanpaia jotzen zuen palanka bera baliatuta. Era berean, kanpandorrean ordua markatzen zuen erlojuaren ardatza ere erantsi diote, eta trasmisio txiki bat eginda, ordua erakusten duen esferatxo bat jarri dute.

Udalak auzolan taldeari "eskerrik beroenak" helarazi dizkio gaurko aurkezpenean. "Auzolan taldeak egin duen lana oso ona izan da. Bizitzako langintzak emandako jakinduria pilatuta duten herritarrak dira, eta herritar horiek egindako ekarpena guztiontzat oso merkea eta lan oso ona izan da. Aurrerantzean ere jakinduria horrek ekarpenak egitea espero dugu", nabarmendu du.

Informazioa paneletan eta webgunean

1879. urteko erloju mekanikoa udaletxean kokatzeaz gain, Zestoako Udalak erloju horri eta XVI. mendetik aurrerakoak diren Zestoako beste hainbat erlojuri buruzko azalpenak ematen dituen panelak kokatu ditu udaletxean. Era berean, Zestoako Udalaren webgunean ere atal bat sortu dute erlojuen gaineko informazioa biltzeko. Auzolan taldeko kideek azaldu dutenez, erlojuari buruzko informazio teorikoa ematea "zentzuzkoa" zela ikusi zuten, eta horregatik egin dute lanketa hori.

Paneletarako eta webgunerako informazioaren pilaketa, baina, "etxean" egin dute. "Saiatu gara lan guztiak etxean egiten, bai alor informatiboa baita alor teknikoa ere. Informazioa bilatzeko ez dugu ikerketa sakonik egin, baina bereziki Julian Serranok eta Fernando Arzallusek emandako pistetatik informazioa jasota, ordenatu eta orraztu ondoren zabaldu dugu", adierazi dute.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide