Bi positibo tarteko, aurrez aurreko jarduera eten dute Aizarnako eskolan

Ihintza Elustondo 2021eko urtarrilaren 22a

Aizarnako eskolako bi ikaslek positibo eman dute COVID-19a atzemateko probetan, eta aurrez aurreko jarduera etetea erabaki dute. 34 ikasle joaten dira ikastetxe horretara, eta 'online' jasoko dituzte eskolak aurrerantzean. Aizarnakoa izan da osorik itxi duten eskualdeko lehen eskola.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, positibo kopurua goraka ari dira inguruotan, baita Zestoan ere. Herri horretako mugak itxi dituzte gaur, eta Aizarnako eskolan ere neurri berriak hartu ditu Jaurlaritzak. Eskola horretako bi ikaslek positibo eman dute COVID-19a atzemateko probetan, eta horrenbestez, hirugarren agertokira igaro da ikastetxea; hau da, eskolan aurrez aurreko jarduera eten dute.

Guztira, 34 ikasle joaten dira ikastetxe horretara, eta une honetan, konfinatuta daude guztiak. Zuzendaritza taldea eta irakasleak lanean ari dira, eta ikasleek online jasoko dituzte saioak aurrerantzean. Osakidetzak emandako informazioaren arabera, urtarrilaren 31ra arte egongo dira ikasleak konfinatuta.

Positiboen gorakada ikastetxeetan ere eragina izaten ari da. Eskualdeko zenbait eskolatako gela batzuk itxita daude, baina Aizarnakoa izan da osorik itxi duten lehen eskola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide