Etxeberria eta Otaegi nahiz Urra nagusi, herri kirol txapelketetako Aizarnako jardunaldian

Julene Frantzesena 2021ko urt. 17a, 19:55

Gaur, igandea, urrezko herri kirol txapelketetako kanporaketak jokatu dituzte hainbat kirolarik Aizarnan. Ikuslerik gabe egin dituzte saioak, pandemiak sortutako egoera tarteko, segurtasun neurriak bermatzeko.

Batetik, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako saioan lehiatu dira hiru bikote: Luis Txapartegi eta Kepa Peñagarikano, Xabier Zaldua eta Julen Aranberri Elorriaga II.a eta Joxean Etxeberria eta Unai Otaegi. Horiek hiru izaeratako 27na enbor enbaki dituzte, eta lanak gauzatzen azkarrenak Etxeberria eta Otaegi izan dira (22:09). Bigarren, eta segundo baten aldearekin, berriz, Zaldua eta Elorriaga II.a sailkatu dira (22:10), eta Txapartegi eta Peñagarikano hirugarren (24:31).

Bestetik, gizonen Urrezko Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa ere izan da. Jagoba Otaegi, Mikel Lopetegi Urra eta Jon Irañeta aritu dira nor baino nor. Horiek zortzi arroako hiru harrirekin egin dituzte lanak: ehun kiloko koparekin, bolarekin eta kubikoarekin. Urra aise nagusitu da guztira 72 jasoaldi eginda. Bigarren Otaegi izan da, 58 altxaldirekin, eta hirugarren, berriz, Irañeta (50 jasoaldirekin). Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri jasotzaileek, berriz, erakustaldia eskaini dute.

Aizkolariak nahiz harrijasotzaileak finalerdietara igaroko dira otsaila iristearekin, eta orain arteko parte hartu duten kirolari guztiak ariko dira fase horretan; hain zuzen ere, hiru finalerdietako jardunaldi egingo dituzte, eta finala martxoaren 14an izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Hona hemen gaur eguerdiko irudien bilduma (Ibon Errazu):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide