Urrezko aizkora eta harri jasotze txapelketetako saioak jokatuko dira igandean Aizarnan

Nerea Uranga 2021eko urtarrilaren 12a

Urrezko Binakako Aizkora Txapelketako, eta Urrezko emakumeen eta gizonen harri jasotze txapelketetako kanporaketa saioak jokatuko dira igandean, 12:00etan, Aizarnan. Pandemia egoera tarteko, eta segurtasun neurriak bermatzeko, ikuslerik gabe jokatuko dira herri kirol saioak, Zestoako Udalak jakinarazi duenez. Gero, ETB 1en emango dute Aizarnako herri kirol saioa.

Datorren igandean, urtarrilaren 17an, Urrezko herri kirol txapelketetako aizkorako eta harri jasotzeko kanporaketak jokatuko dira Aizarnan, 12:00etan hasita. Ikuslerik gabe jokatuko dira saioak, pandemiak sortutako egoera dela-eta segurtasun neurriak bermatzeko.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako Eusko Label Sariako kanporaketa jokatuko dute Aizarnan, eta nor baino nor ariko dira hiru bikote: Luis Txapartegi eta Kepa Peñagarikano, Xabier Zaldua eta Julen Aranberri Elorriaga II.a eta Joxean Etxeberria eta Unai Otaegi. Aizkolariek hiru izakeratako 27na enbor moztu beharko dituzte.

Harri jasotzean emakumeen eta gizonen txapelketetako kanporaketak jokatuko dituzte Aizarnan. Gizonetan, Jagoba Otaegi, Mikel Lopetegi Urra eta Jon Irañeta harri jasotzaileak ariko dira lehian. Zortzi arroako hiru harrirekin egin beharko dute lana; hain zuzen ere, 100na kiloko koparekin, bolarekin eta Kubikoarekin.

Emakumeen txapelketan, berriz, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri jasotzaileak ariko dira lehian.

Telebistan ikusteko aukera

Txapelketako kanporaketak ikuslerik gabe jokatuko dira igandean. Baina, igandean bertan, 16:00etatik aurrera ETB1en eskainiko dute Aizarnako Urrezko txapelketetako kanporaketa saioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide