Osasun krisia dela-eta bertan behera utzi behar izan zuten XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta joan diren hilabeteetan aurreratu zuten moduan, Azpeitiko San Martin egoitzako eta Zestoako San Juan fundazioko zein Gisasola egoitzako kideei eskaini diete antolatzaileek edizioko txapela. Gaur, larunbata, izan da txapel banaketa egoitzetan bertan, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko kideek "aitortza publikoa" egin nahi izan diete: "Pandemia lehen lerroan sufritzea tokatu zaie beste eragile eta erakunde askoren moduan". Txapelaz gain, Runner Bihotza kamiseta sorta ere banatu dute egoitzan, eta osasun neurriak medio egoitzetako sarreretan nahiz atarietan egin dute banaketa.
Bestalde, antolatzaileek adierazi dute "ezinezkoa" izango dela Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXVIII. edizioa martxoan egitea, baina azaldu dute "aukera desberdinak aztertzen" ari direla lasterketa aurten egin ahal izateko. Datozen asteetan emango dute erabakiaren berri.
(Argazkiak: Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia)