Pilotazaleak asko dira, baina gutxi izango dira Xabier Iriondo (Zestoa, 1934) bezain sutsuak, eta garajean duen museoa da horren erakusgarri. Azkeneko 50 urteotan biltzen aritu den dozenaka liburu eta milaka kartel, argazki eta egunkari zati ditu jasota han. Eta garajeko hormetan ez duena, buruan du gordeta. Atzo gertatutakoak balira bezalaxe kontatzen ditu duela mende erditik gora bizi izandako pasadizoak. Pilotari buruzko entziklopedia bizia da zestoarra.
Txiki-txikitatik datorkio pilotarako afizioa Iriondori, eta pilotari izateko saiakera ere egin zuen. Badu hori frogatzen duen argazkirik, Fidel Etxabe Etxabe XI.a herrikidea alboan duela. “12 urterekin hasi nintzen pilotan, Etxabe XI.a lagun nuela, eta bi urtean bi txapel atera genituen”. Garaikurra eskuetan dutela ageri dira argazki batean. “Hor 14 urte nituen nik, eta 13 zituen Etxabek. Handik gutxira, gaixotu egin nintzen, eta pilota utzi behar izan nuen”. Etxabek jarraitu egin zuen, baita ibilbide oparoa egin ere: “Munduko txapelduna izan zen afizionatuetan, eta profesionaletan ere oso ona izan zen”.
Pilotari izan ezinak ez zion kirol horri lotuta segitzerik eragotzi, eta hamaika frontoi zapaldutakoa eta are partida gehiago ikusitakoa da zestoarra. Ondo gogoan du lehendabiziko aldiz Donostiako Urumea pilotalekura partida bat ikustera joan zenekoa. “Donostian nengoen ospitaleratuta, hurrengo egunean ebakuntza egin behar zidatelako. Osaba eta biok geunden. Bazkaldu genuen, eta arratsalde guztian ez genuen zereginik, lorategian buelta bat ematea besterik. Frontoira alde egitea proposatu nion, eta ezetz esan zidan berak”. Taxiari deitu zion, ordea, Iriondok. “Eta, azkenean, han joan ginen biok Urumeara. Arratsalde bikaina pasatu genuen, nahiz eta gutxitan igaro ditudan ordukoa bezain gau tristeak, ospitalean, bakar-bakarrik”.
Irakurri osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.