Altzolarats errekara –Zorrontza eta Aristizabal baserrien artean– egin den zabor isurketa salatu du Zestoako Udalak. Gainera, erakundeak adierazi du "antzeko jokabideak ikertzeko eta arduradunak zigortzeko" bere esku dagoen guztia egingo duela. "Kontrolik gabeko zabor isurketak ingurumenaren aurkako delituak dira, eta isurketa Altzolarats bezalako balio ekologiko handia duten eremuan egiteak berez duen larritasuna areagotu egiten du", azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak.
Haren arabera, azkenaldian hondakinak uzteko hainbat gunetan ere hainbatek "zaborra kontrolik gabe" bota izan du: Zubimusu auzunean, Larrain kalean, Arroa Errekako sarreran...
Zestoako Udalak horrelako jarrera duten pertsonak salatzera deitu ditu herritarrak, "ingurumenaren aurka egitea bizitzaren aurka egitea delako eta horrelako jarrerak dituzten pertsonen aurka zigorra beste erremediorik ez delako gelditzen".