Atzo, asteartea, aho batez onartu zituzten datorren urteko Zestoako udal aurrekontuak. EH Bildukoen eta EAJkoen onespena jaso zuen 5.591.424 euroko aurrekontuak. Gastuen atalean zatirik handiena pertsonaleko gastuek (1.906.000 euro) eta zerbitzuetakoek (1.491.000 euro) izango dituztela azaldu zuen Mikel Arregi alkateak. Inbertsio errealetarako, berirz, 651.000 euro aurreikusi dituzte. Sarrerei dagokienez, udalen finantzaketarako Foru Funtsetik aurreikusita baino 382.000 euro gutxiago jasoko ditu Zestoako Udalak 2021ean.“Ondorioz, aurrekontuak ere egokitu beharra izan dira", azaldu zuen alkateak. Datorren urteko udal aurrekontuak “COVIDaren aurrekontuak” izango direla azpimarratu zuen alkateak, pandemiak eragindako egoerak baldintzatutakoak izango direlako.
Aurtengo Zestoako Udalaren aurrekontuarekin alderatuta, berriz, %3,5 igoko da datorren urtekoa, gastu batzuk igo egin behar izan dituztelako.
Gizarte laguntzak
Gizarte sozial arloan, gizarte larrialdietara bideratutako diru partida 100.000 eurora igoko dute 2021ean. “Jaurlaritzak ematen du laguntza handiena, baina udalak 32.000 euroko ekarpena egingo du diru partida horretara; aurten baino 10.000 euro gehiago, hain zuzen ere. Aurreikusten dugu datorrena ere urte gogorra izango dela, batik bat egoera zaurgarrienetan daudenentzako”.
Pandemiak eragindako sektoreetara bideratzeko 30.000 euroko partida bat ere aurreikusi du udalak. "Lehen olatuan eta gehien kaltetutako sektoreak laguntzeko, hala nola merkataritza eta ostalaritza, diru bat bideratu zuen udalak. Orain, datorren urteari begira jarrita, diru bat aurreikusi dugu", azaldu zuen alkateak.
Aurrekontua eragin dezaketen aldaketak
Onartutako aurrekontuarekin defizitik ez du aurreikusi udalak, baina esku artean eta hasita duten beste egitasmo bat tarteko, defizita izatea aurreikusita dute udal arduradun politikoek. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin mahai gainean duten egitasmo bat ekarri zuen gogora alkateak: “VISESArekin harremanetan gaude, Idiazpi mendebaldean hirilurrak erosi eta han alokairu sozialerako etxebizitzak egin ahal izateko. Posible izango da 2021ean lur horiek erostea, horrek aurrekontua moldatzea eta defizitean gelditzea eragingo luke". Baina, Arregiren esanetan, defizit horrek ez luke baldintzatuko Zestoako Udalaren egoera ekonomikoa, "egun udalaren zorpetze maila baxua baita".
Aurreko agintaldiko auzi batek izan dezakeen ebazpenari adi ere badaude Zestoako udal agintariak. Alkatearen arabera, "Lurralde Auzitegian epaiketa baten bueltako sententzia dauka udalak, eta badakigu helegitea aztertzen ari direla auzitegian. Baina 500.000 euroko sententzia udalaren kontrakoa bada, horrek eragin egingo du aurrekontuan".
Inbertsioetako egitasmo batzuk
2021eko aurrekontuetako inbertsioetan aurreikusitako egitasmo batzuk aipatu zituen alkateak udalbatzarrean:
- Zestoako udalerriaren trantsizio ekologikorako 100.000 euro aurreikusi ditu udalak datorren urterako. Eraikin publikoen ziurtagiri digitala, lizentzia energetikoa eta energia berriztagarrien aldeko inbertsioa egitea "ezinbestekoa" dira alkatearen ustez. Kasu honetan, EEEtik dirulaguntzak jasotzeko aukera aurreikusi dute.
- Udal biltegi nagusia eta udal ibilgailuak: 100.000 euro. “Udal azpiegituretan gabezia bat atzeman da, udal ibilgailu batzuk pixka bat zaharkituta gelditu dira eta ibilgailu handiago baten beharra ere badago. Udalaren asmoa udal biltegi zentral bat izatea da. Diru horrekin ez da dena ordainduko, baina datozen lau urteetan ere hori ahalbidetzeko dirua aurreikusiko da”.
- Komun publikoa: 75.000 euro. “Aurtengorako aurreikusita zegoen, baina pandemiaren ondorioz sortutako beste behar batzuetara bideratu da diru hori. Beraz, datorren urterako aurreikusi dugu”.
- Kiroldegi eremuko argizuloak kentzeko, 40.000 euro.
- Auzoetarako herri lanak finantzatzeko: 40.000 euro.
- Aisiguneak: Arroako Sakulupe parkea eta Zubiaurre eremua birgaitzea. “Aranzadi zientzia elkartearekin hitzartzen saiatuko gara Zubiaurre eremua birgaitzearen kasua”.
- Herria gurutzatzen duen errepide nagusian sarrera-irteerak egokitzea: Arteaga auzorako eta Akoarako bidegurutzean egingo dituzte aldaketak. “Sarrera-irteera horiei irtenbide bat eman behar zaie. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dugu, eta baimena eman digu aldaketa batzuk egiteko. Aldaketa horiek egiteko azterketak egin beharko dira”.
- Kultur Etxearen inguruko azterlana egiteko: 10.000 euro.
- Etorra bailarara ur hornidura eramateko azterketa.
Oposizioa, “gustura” aurrekontuarekin
Garikoitz Mendizabal EAJko udal bozeramailea “gustura eta pozik” agertu zen 2021eko udal aurrekontuarekin. “Urte berezia izan da, eta egoera txarrean udalean elkar hartuta jardun dugu. Arlo sozialean hartutako neurriak, gainera, bidezkoak eta zentzuzkoak iruditzen zaizkigu”.
Oposizioan egon arren, EAJren proposamen batzuk ere datorren urteko udal aurrekontuan jasota daudela adierazi zuen Mendizabalek. “Hauteskunde programan guk egin genituen proposamen interesgarri batzuk aintzat hartu dira: Kultur Etxearena, errepideko sarrera-irteerena, Zubimusu aisialdi gunearena… Eskutik helduta joanda lortuko dira horietako egitasmo batzuk, eta herriak eskertuko du hori”.
Mozioa, Jaurlaritzari udalentzako ezohiko funts berezia eskatuz
Eusko Jaurlaritzari udalentzako ezohiko funts berezi gehigarria eskatzeko mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean EH Bilduk. Mozioa onartuta, Europatik autonomia erkidegoetara bideratuta dagoen diru funtsen %30a udaletara bideratzeko eskatuko dio Zestoako Udalak Jaurlaritzari. Funts berezi hori pandemiak udaletan eragindako premiei erantzuteko bideratzea eskatu du EH Bilduk mozioan: "Udal zerbitzuetan izandako galerei aurre egiteko; udal zerbitzuak eta langile postuak telelanera egokitzeko gastuei aurre egiteko; herritarren larrialdi egoerei aurre egiteko; arrakala informatikoa, haurren elikadura zein udal eskumenekoak ez diren beste gai batzuetan udalek egindako inbertsioengatik sortutako gastuak ordaintzeko; eta hezkuntza eta osasun arloan udalei sortuko zaizkien beharrizan berriei aurre egiteko".