Abenduaren 26an Zoroperirik ez dela ospatuko, eta egun hauetan arduraz jokatzeko eskatu du Zestoako Udalak

Nerea Uranga 2020ko abenduaren 24a

COVID-19aren zabalkundea saihesteko, Zestoako Udalak datozen egunetan "segurtasun neurriak eta arauak" errespetatzeko eta betetzeko eskatu die herritarrei. Datozen egunetan gerta daitezken jende pilaketak "ondorio larriak" ekar ditzaketela adierazi du udalak, "ondorioak bai osasun arloan zein ostalarien jardueraren etorkizunean izan daitezke". Gogorarazi du abenduaren 26an ez dela Zoroperirik ospatuko, eta egun horretan indarrean dauden neurri guztiak betetzea "ezinbestekoa" dela.

COVID-19aren kasu positiboen kopuruak azken egunetan Urola Erdian izan duen gorakada ikusita, Zestoako Udalak bere kezka agertu du kaleratutako ohar baten bidez. "Izan ere, datozen egun berezi hauetan gerta daitezken jende pilaketek ondorio larriak izan ditzakete, bai osasun arloan zein herriko ostalarien jardueraren etorkizunean ere", adierazi du udalak.

Gogorarazi du baita ere, abenduaren 26an Zoroperi eguneko egitaraurik ez dela antolatu eta egun horretako ospakizun guztiak bertan behera utzi dituela herri erakundeak: "Guztiok dakizkigun arrazoien ondorioz hartu da erabaki hori".  Horrenbestez, egun horretan indarrean dauden segurtasun neurriak eta arauak "ezinbestekoak" direla nabarmendu du udalak: "Ez dezagun ahaztu eremu publikoan zein pribatuan bil daitezken pertsona kopuruak mugatuta daudela. Era berean, segurtasun neurri guztiak betetzearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu".

Kontuak horrela, bi eskaera luzatu ditu Zestoako Udalak: "Batetik, Zestoan bizi ez direnei abenduaren 26an Zestoara ez etortzeko deia egiten diegu. Bestetik, abenduaren 26an, parranda goseak eragindako jende pilaketak saihesteko eta arduraz jokatzeko dei egiten diegu herritarrei".

"Egun berezi hauetan erantzukizunez ez jokatzeak etorkizuna are eta kaltegarriagoa bihur dezake. Etorriko dira egun hauek elkarrekin disfrutatzeko garai hobeak", azaldu du Zestoako Udalak oharraren bukaeran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide