Jone Exposito: "Transexualena da kolektiboko profilik zaurgarrienetakoa"

Anartz Izagirre 2020ko abenduaren 23a

Jone Expositok (Zestoa, 1996) eta Zaira Garciak LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko diagnostikoa osatu dute. Kolektibo horretako kideek jasaten dituzten diskriminazioak ikertu dituzte.

LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko diagnostikoa osatu duzue. Zer dela eta?

Soziologia gradua egiten ari nintzela, Gehitu elkartean praktikak egiteko aukera izan nuen. Elkartekoek esan zidaten Gipuzkoako Foru Aldundiak LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko diagnostiko bat eskatu ziela, eta praktiketako zeregina hori gauzatzea izango zela, Zairarekin [Garcia] batera. Biok egin dugu ikerketa lana.

Gipuzkoan kolektibo horrek zer errealitate bizi duen jaso duzue diagnostikoan. Zer ondorio atera dituzue?

Diskriminazio fokurik handienak zein ingurunetan dauden identifikatzea lortu dugu, eta espazioaren zein diskriminazio motaren arabera sailkatu ditugu. Diagnostikoa tresna egokia dela iruditzen zait, nola edo hala errealitateari aurre egiteko. Ikerlan honetatik atera ditugun ondorioak asko dira, eta konturatu gara orain arte guk jaso ditugunak ez zeudela beste inon jasota. LGTBIQ+ sigla guztiak barnebiltzen saiatu gara ikerlanean.

Azterlanean adierazi duzuenez, erregulazio txikiena duten espazioetan izan ohi dira diskriminazio gehien; adibidez, espazio publikoetan.

Bai. Izan ere, espazio publikoak dira gutxien araututa daudenak, eta ikaragarrizko diskriminazioak identifikatu genituen eremu horietan. Diskriminazio horietatik gehienak gutxiespenekoak edo pasiboak dira. Halere, administrazio publikoan, osasun arloan eta hezkuntzan ere diskriminazio handia jasan ohi dute kolektiboko kideek. Ohartu gara espazio seguruak izan beharko luketen lekuetan ere badaudela diskriminazioak.

Zer-nolako diskriminazioa jasaten dute kolektibo horretako kideek Gipuzkoan?

Pertsona bakoitza mundu bat da, eta errealitate ezberdina bizi dute denek. Halere, espazioaren araberako diskriminazio motak identifikatu genituen, eta gehien nabarmentzen direnak gutxiespenekoak edo pasiboak dira, agian errazen pasatzen uzten ditugunak direlako. Diskriminazio pasiboak ikusezin bilakatzen gaituzten egoerak dira; gutxiespenekoak, aldiz, begiradak izan daitezke, esaterako. Lan eremuan jarrera LGTBIQ+ fobiko handiak daudela ohartu gara, eta familia nahiz lagun sareetan ere diskriminazio handia dago. Toki seguruak topatu behar ditugu, eta gure familia eta lagun sarea ez baldin badira seguruak, imajinatu...

Oro har, ba al dago alderik LGTBIQ+ komunitateko kideak tratatzeko eran?

Ikerlanaren hasieran metodologiaren inguruan hitz egiten dugu, eta argi uzten dugu garrantzitsua dela ikertzaileak zeintzuk diren jakitea. Zaira eta ni neska feministak eta intersekzionalistak gara, eta diagnostikoa ikuspegi horretatik landu dugu. Esan dezakegu transexualena dela gaur egun kolektiboko profilik zaurgarrienetakoa. Kolektiboko kide bakoitza tratatzeko modua desberdina da, baina pertsona bakoitzaren egoera da kontuan hartu behar dena. Gayak eta lesbianak, esaterako, a priori pertsona zisgeneroak dira, eta ez dituzte transexualek itxura fisikoagatik jasaten dituzten diskriminazioak jasango, diskriminazio homofoboak edo lesbofoboak baizik. Transexualek, aldiz, zisgenero ez diren unetik bertatik diskriminazioa jasatzen dute, eta imajinatu pertsona hori etorkina bada. Horregatik, pertsona bakoitzaren egoera desberdina da.

Galdekatutakoen identitatea, sexu orientazioa, bizitokia eta lan egoera hartu dituzue kontuan. Zer dute pertsona guztiek komunean?

Adierazle horiek hartu genituen, batetik, profil soziodemografikoa banatzeko, eta, bestetik, iruditzen zitzaigulako garrantzitsua zela, adibidez, pertsona bakoitzaren orientazioa edo identitatea kontuan hartzea eta ikustea zer desberdintasun dagoen pertsona bakoitzaren diru sarreretan. Kolektiboko kideek komunean duten kontu bat da, esaterako, zenbat eta segurtasun handiagoa duten are ikusgarritasun handiagoa lortzen dutela.

Orduan, korrelazioa dago segurtasunaren eta ikusgarritasunaren artean?

Bai, noski. Ez baldin bagara seguru sentitzen ez dugu adieraziko nolakoak garen. Aldiz, ikusten badugu leku batean seguru gaudela eta inork ez gaituela epaituko, agian bai. Halako kasuak gertatzen dira, adibidez, espazio publikoetan.

Tamaina guztietako herriak daude Gipuzkoan. LGTBIQ+ kolektiboko kideak tratatzeko moduan alde handia al dago herri txikietatik handietara?

Nahiko proportzionala da. Kontua da, ordea, herri txikietan denek ezagutzen dutela elkar eta denek dituztela etiketak jaiotzetik. Gainera, herri txikietako jendea hazten joaten den heinean, etiketa horiez gain beste etiketa batzuk jartzen zaizkie, eta pribatutasuna galtzen joaten dira. Udalerri txikien kasuan atera den kontzeptuetako bat sexilioa izan da; hau da, jendea udalerri handiagoetara edo hirietara joaten da intimitate bila. Horrek ez du esan nahi jendeak herri txikiak gustuko ez dituenik, baina beste leku batzuetan izango luketen anonimotasuna bilatzen dute. Beraz, diskriminazioak gertatu, gertatzen dira herri txikietan zein handietan, baina agian handietan zerbait gutxiago, anonimotasun hori dela eta; izan ere, inork ez bagaitu ezagutzen, espazio publikoetan jaitsi egin daiteke diskriminazioa.

Hezkuntzan jarri ohi da sentsibilizazioa lortzeko begirada. Nahikoa al da eskoletan egiten dena?

Hezkuntzarengan jartzen dugun ardura sekulakoa da, baina benetan arlo horretan bakarrik al dago sentsibilizaziorako giltza? Hori da nik egiten dudan galdera. Guk identifikatu ditugun beharrak ez ditugu hezkuntzan bakarrik topatu, baita lan eremuetan, espazio publikoetan eta bestelakoetan ere. Ikaragarrizko beharra dago gizartea sentsibilizatzeko, bai, baina arlo guztietan. Hitz egin dugu zenbait irakaslerekin, eta haiek ere gauza bera esaten zuten: beren aldetik jartzen dutela, baina ikasleen etxean giro homofoboa badago alferrik dela.

Zeintzuk dira LGTBIQ+ kolektiboaren egoera hobetzeko proposatzen dituzuen helburuak eta ekintzak?

Talde osoaren artean finkatu genituen helburuak. Gure proposamenetako bat da Q kalitatearen antzeko zerbait sortzea, LGTBIQ+ kolektiboarentzat espazio seguruak identifikatzen laguntzeko: tabernak, aisirako lekuak... Iruditzen zaigu arlo horretan lan handia dagoela egiteko. Formakuntza ere garrantzitsua da, arlo guztietan. Osasun arloan, esaterako, diskriminazio asko jasan izan dituzte pertsona transexualek, askotan profesionalen formakuntza faltagatik. Horrez gain, ikusgarritasuna bermatzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu, baina horretarako espazio seguruak behar dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide