2021erako kiroldegiko bazkidetza kanpaina ireki du Zestoako Udalak

Maialen Etxaniz 2020ko abenduaren 18a

Ez dute igoerarik aplikatu prezioetan, baina hainbat berrikuntza izango da bazkidetzan. Aurrerantzean gazte ordua, familia ordua, prezio berezi berriak eta urte osoko bazkidetzaren ordainketa proportzionala ezarriko dituzte.

Zabalik dago Zestoako Udal Kiroldegiko bazkide egiteko epea. Zestoako Udalak atzo ireki zuen 2021erako bazkidetza kanpaina; beraz, jada bazkide direnek bazkidetza berritzeko aukera dute dagoeneko, eta bazkide egin nahi dutenek ere dagoeneko egin dezakete izen-ematea.

Udalak azaldu duenez, ez da igoerarik izango prezioetan. Aldiz, bazkidetza egiteko hainbat berrikuntza gehitu dituzte: gazte ordua; familia ordua, prezio berezi berriak, eta urte osoko bazkidetzaren ordainketa proportzionala.

Bazkidetza berritzea eta bazkidetza berriak

Bazkidetza berritu behar dutenek eta ordainketa transferentzia bitartez egin behar dutenek, diru sarreraren ziurtagiria eraman beharko dute kiroldegira. Kontu korrontea helbideratuta dutenei eta bazkidetzan jarraitu nahi dutenei, udalak zuzenean kargatuko dio 2021eko dagokion kuota.

2021ean bazkidetza berritu nahi ez duenak, aldiz, kiroldegiko zerbitzuetara zuzendu beharko du, eta bertan adierazi baja eman nahi duela. Nahiz eta 2020an bazkidea izan baina abonu motan edo bestelako aldaketak egin nahi bada, kiroldegira zuzendu beharko da. 

Berrikuntzak

Gazte ordua 12 eta 15 urte arte dutenentzat zuzendutako ordua izango da. Ordutegiak, egunak eta espazioak mugatuak edukiko dituzte. 16:00etatik 17:30era sartzeko aukera. Galarazita edukiko dute Gimnasioa eta Krossfit aretoen erabilera. 

Familia orduari dagokionez, honako hauek izango dira ezaugarriak: aukera emango du 6 eta 11 urte arte duten umeek bere gurasoekin batera areto batzuk erabiltzeko. Astearteetara eta ostegunetara mugatuko da, 18:00etatik 19:00etara artean. Erabili ahalko dituzten aretoak hauek izango dira: Rokodromoa, Mahai Tenisa eta  Trinketea. Seme-alabengatik ez da kuotarik ordainduko, aldiz, derrigorrezkoa izango da gurasoek bazkide izatea.

Prezio bereziak

2020an eskaintzen ziren prezio bereziei beste batzuk gehitu dizkiete.  Langabezian daudenentzat eta elbarritasun egoeran daudenentzat bi hobari mota eskainiko ditu udalak. Gainera, langabezian eta 1.080 eurora iristen ez diren alargunentzat prezio berezia ezartzea aurreikusten du udalak. 

Informazio zehatza nahi dutenek, zestoa.eus webgunean eskura ditzakete xehetasunak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide