Santomasik eta Soro Peririk ez dute ospatuko aurten Azpeitian eta Zestoan

Mailo Oiarzabal 2020ko abenduaren 11

Azpeitiko Udalak gaur baieztatu du espero zen berria. Zestoako Udalak, berriz, Jaurlaritzaren dekretu berriak jasotako neurriak gogora ekarrita azaldu du abenduaren 26an ezingo dela urteroko festarik ospatu.

Martxo erdialdetik honako gainerako festa eta jai egun berezi guztiak bezala, Gabonen eta urte amaieraren bueltan ospatu ohi direnak ere ezingo dira egin aurten, koronabirusaren pandemiaren eraginez.

Herri guztietan izaten dira ekitaldi bereziak abenduko azken egunetan, eta guztietan izango dute eragina Eusko Jaurlaritzak gaur bertan argitaratu duen dekretu berrian jasotako neurriek eta murrizketek. Eskualdean, Azpeitian eta Zestoan sumatuko dute bereziki neurri horien eragina. Azpeitiarrek urteko azken festa egun handia ospatzen dute urtero abenduaren 21ean, San Tomas egunez, eta gauza bera gertatzen da Zestoan abenduaren 26an, Soro Periarekin. Aurten, ordea, ez bata eta ez bestea ez dituzte egingo.

Zestoan, udalerriaren eremu osoan "Gabon ekitaldiak eta jaiak bertan behera uztea" erabaki du udalak, Eusko Jaurlaritzaren dekretuan jasotakoak kontuan hartuta. San Tomas jaiak eta ekitaldi horrekin lotura izan dezaketenak, Gabon egunean egin ohi diren ekitaldiak eta kantu taldeak –"Olentzero, Jaiotza Bizirik eta abar"–, abenduaren 26ko Soro Peri eguna, San Silvestre lasterketa edo gainerako kirol probak, Errege kabalkadak eta, oro har, "pertsonen pilaketak sor ditzakeen antzeko beste edozein ekitaldi" ezingo dela egin gogoratu du udalak. Gehitu du, hala ere, "antolatzaileek ekitaldi horiek beste era batera egitea aztertu" ahal izango dutela, "beti ere, irizpide nagusia jende pilaketak saihestea" izan behar dela nabarmenduta.

Jaurlaritzaren dekretuan ostalaritzaren irekierarako ezarritakoak gogora ekarrita, Zestoan bihartik aurrera terrazak udalaren ekaineko ebazpeneko mahai kopurua aintzat hartuta ireki ahal izango dituztela azaldu du, era berean, udalak.

"Arduraz jokatzeko eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko" deia ere egin nahi izan du Zestoako Udalak gaur, "horrela ezean, nahiz une hauetan herriko kutsatze intzidentzia herrialdeko apalenetakoa izan, irailean gertatu bezala, egun batetik bestera okerrera egin dezakeelako".

San Tomas ez, eta San Sebastian "sinbolikoa" aztertuko dute

Espero zena baieztatu du gaur Azpeitiko Udalak: aurten ez da festarik izango San Tomas egunez. Martxotik honako herriko beste festa nagusiekin zein auzoetakoekin gertatu bezala, koronabirusaren pandemiak zuzenean eragingo dio abenduaren 21eko jai egunari. Sansebastianak, karnabalak eta Matxinbentako santagedak dira 2020an bere horretan ospatu ahal izan diren festa bakarrak. San Tomas egunarekin batera, Elosiagako Santa Lutzi festak ziren urtea amaitu bitartean ospatzeko gelditzen zirenak, baina horiek ere ezingo dituzte egin aurten Azpeitian.

San Tomas egunean plazan postuak jartzen dituzten eragileekin eta eguneko gainerako ekitaldietan parte hartzen dutenekin hitz egin ondoren hartu du erabakia udalak, eta aurtengoan ezer ez antolatzearekin "guztiak ados" agertu direla dio. "Bizi dugun egoeran ezin da festarik egin, festak kalera irten eta herritarrak elkartzeko aitzakia izaten baitira. Aurtengoan, beraz, egoerak arduraz jokatzea eskatzen duelako, ez da ezer egingo abenduaren 21ean", adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Gabon bueltako gainerako ekitaldi jendetsuak, Olentzeroren eta Mari Domingiren zein Errege Magoen etorrerak, zertan diren ez du aurreratu momentuz udalak, baina bai datozen sansebastianei begira lanean hasiak direla.

San Sebastian bezperako zein eguneko danborradetan parte hartzen duten taldeekin hizketan aritu da udala azken asteotan. 2021ean "kaleak danbor jolez beteta ikusteko" aukerarik ez dela izango diote udal arduradunek, eta ohiko danborraden ordez "zerbait sinbolikoa egitea aztertzen" ari direla aurreratu du. Datorren urtean 40 urte beteko dira danborra jotzen lehen emakumeak irten zirenetik, gertaera eta urteurren horren harira dokumentala egin du udalak, eta horren gaineko xehetasunak "datozen asteetan" emango dituela azaldu du.

Odriozolak "herritarrak eta eragileak eskertu" nahi izan ditu, "bizi dugun egoera ulertzeko eta arduraz jokatzeko erakutsitako konpromisoagatik": “Eragileek ulertu dute osasuna lehenesteko unea dela, eta eskertzekoa da hori. Eskertzekoa den bezala, beti elkarlanerako izaten duten jarrera”, gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide