Hilabete askoren ondoren, pentsio duinen aldarria kalera aterako dute berriro Zestoan datorren astelehenean, abenduaren 14an.
Koronabirusaren izurria dela eta, asteleheneroko protestak alde batera utzi zituzten Zestoan udaberrian; irailean berreskuratzeko ahalegina egin zuten, baina hura ere bertan behera utzi behar izan zuten. Orain, abenduaren 14an berriro elkarretaratzea egiteko asmoa azaldu dute; 12:00etan jarri dute hitzordua, Gurutzean.
Ikastaroak eta Adinekoen Mahaia
Astelehenetako elkarretaratzeak berreskuratzeaz gain, hil honetan Adinekoen Mahaiaren bilera egitekoak dira Zestoan, 3Z-k jakinarazi duenez, esku artean dituzten "epe luzerako proiektuak" jorratzen jarraitzeko asmoarekin.
Epe laburrean ere ez dute proiekturik falta. Horrela, adinekoei zuzendutako ikastaroen eskaintza martxan dela gogorarazi du 3Z elkarteak. Whatsappa nola egoki erabili ikasteko saioak, kantari aritzeko koroa eta eskulanak egiteko ikastaroa dira, besteak beste, eskaintzen dituztenak. Horietan interesa dutenek 681 671 796 telefonora deitu behar dute, informazio osoa jasotzeko.