Euskaraz sortzeko egonaldi artistikoa egingo dute Zestoan, 'Geuretik sortuak' egitasmoaren barruan

Maialen Etxaniz 2020ko abenduaren 6a

Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea "gero eta urriagoa" dela ikusita, 'Geuretik sortuak' egitasmoa jarri du martxan Udalbiltzak. Euskal Herri osoko 30 udalerritan euskaraz sortzeko egonaldiak jarriko ditu abian. Egonaldiak hartuko dituzten herri horien artean dago Zestoa. Literatur lanak, film laburrak zein antzezlanak sortzen laguntzeko egonaldiak izango dira antolatuko dituztenak.

Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak, Geuretik sortuak ekimena aurkeztu du Durangon (Bizkaia). Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea "gero eta urriagoa" dela iritzita, hutsune horri aurre egiteko abiatu du Geuretik sortuak proiektua, eta horren bueltan, euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldi bana antolatuko du hurrengo urteko lehen erdialdean Euskal Herri osoko 30 bat udalerritan, eta sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren herri horietan guztietan, eta horien artean dago Zestoa. 

Euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da helburua, eta sortzaileak hautatzeko deialdi publiko bat egitea da erakundearen asmoa. Hurrengo urte hasierarako espero dute hori, eta batzorde batek erabakiko du zein proiektu hautatu eta bakoitza zein herritara bideratu. Horri esker, hainbat asteko egonaldia egin ahalko dute bertan sortzaileak edo konpainiak. Herriz herriko errealitatea kontuan hartuko duten sorkuntza lanak sustatzea da Udalbiltzaren asmoa, eta, horretarako, sortzaileen eta bertako eragileen arteko hartu emanak sustatuko dituzte. Eleberri labur bat, antzezlan bat edota film labur bat sortuko ditu denbora tarte horretan sortzaileak, dagokion sorkuntza esparruaren arabera. Laguntzen zenbatekoari eta egonaldiaren iraupen zehatzari buruzko xehetasunak deialdia egiterakoan emango dituztela iragarri dute.

Besteak beste, honako herri hauek batu dira egitasmor: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzü-Zunhaurre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide