Aurtengoa inor gutxirentzat izan da urte ona. Museoentzat ere ez. Konfinamendu garaian, ateak ixtera behartu zituzten; gero, lanean hasi ziren, baina neurri zorrotzak hartuta eta edukiera mugatuta. Orain badute lan egiteko aukera, baina bisitariak falta zaizkie, galarazita baitago norberaren bizileku den herritik irtetea. Turistekin lan egiten zutenak, gaizki, eta eskolekin lan egiten zutenak ere bai. Badira zerbitzua etetea erabaki dutenak, baina badira egoerara egokitzeko aparteko ahalegina egiten ari direnak ere. Udalerriko eta mugakide diren udalerrietako herritarrentzat eskaintza bereziak prestatu dituzte Urola Kostako hainbat museok.
Balentziaga museoa (Getaria): Bisitetako prezioan moldaketak eginda
Getariako Balentziaga museoak Eusko Jaurlaritzak mugimendua mugatzeko neurriak ezarri orduko moldatu zuen eskaintza: urriko azken asteburuan museora doan sartzeko eta bisita gidatuak egiteko aukera eman zien getariarrei, eta familientzako tailerrak antolatu zituen. "Egitasmoak sekulako harrera izan zuen, itxaron zerrendak ere sortu ziren, eta, hori ikusita, hurrengo asteburuan eskaintza bera egin zuen", azaldu du Xabier Fernandezek. Museoen kudeaketan eta dinamizazio lanetan aritzen den Arazi enpresako langilea da Fernandez, eta, hain zuzen ere, hura arduratzen da Balentziaga museoko hainbat zerbitzu koordinatzeaz.
Aurreneko bi asteburuak pasatuta, moldatu egin zuten eskaintza, eta, harrezkero, baten prezioan bi sartzeko aukera ematen diete Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Aizarnazabalgo bizilagunei. Abenduko zubirako doako tailerrak ere antolatu dituzte familientzat. Fernandezek txalotu egin du Balentziaga museoak azken asteotan egin duen ahalegina, eta nabarmendu du horri esker ohikoa ez duen publikoarengana iristea lortu duela. Iaz 54.000 bisitaritik gora izan zituen Getariako museoak; gehienak, atzerritarrak.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.