Herriak badu bere historia dokumental zikloa antolatu dute Zestoako Portale kultur elkarteak eta Zestoako Gazteen Asanbladak elkarlanean. Euskal Herriaren historian esanguratsuak izan diren hiru gertakariren inguruan egindako dokumental lanak emango dituzte ziklo horren barruan. Datozen hiru igandeetan emanaldi bana izango da.
Lehendabizika azaroaren 29an izango da. Lander Garro zuzendariaren Bi urte, lau hilabete eta egun bat lana emango dute egun horretan, 1980ko hamarkadan sortu zen intsumisio mugimendua gogoratu eta ospatzeko egindako dokumentala. Filma ikusi ostean, zuzendariarekin solasteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek.
Bigarren emanaldia abenduaren 6rako iragarri dute. Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentala ikusteko aukera izango da egun horretan, Gladys del Estal ekintzaile ekologista donostiarraren heriotzaren eta 1980ko hamarkadako nuklearren kontrako mugimenduaren inguruko lana. Dokumentala ikusi ostean, Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi zuzendariekin solasaldia egongo da.
Hirugarren eta azken emanaldia, berriz, abenduaren 13an izango da. Florecica lana ikusteko aukera egongo da egun horretan, Maravillas Lambertoren ahizpa izateagatik ezaguna den Josefina Lambertoren bizitza oinarri duen dokumentala. Emanaldiaren bukaeran Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zuzendariekin solasteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek.
Hiru emanaldiak 18:00etan izango dira liburutegiaren azpiko Alondero kultur aretoan. Emanaldi bakoitzerako sarrera hiru euro kostatuko da, eta komenigarria da sarrera aurrez erreserbatzea, COVID-19aren aurkako protokoloa behar bezala beteko dela bermatzeko. Sarrera erreserbatu nahi dutenek portalekulturelkartea@gmail.com helbidera idatzi edo 690 271 097 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat bidali beharko dute.