Zestoa 2030 Herri Plangintza aurkeztu dute gaur, osteguna, Zestoako udaletxean. Datozen hamar urteetan herriaren beharrak eta lehentasunak zeintzuk diren aztertzea du xede proiektuak, eta horretarako parte hartze prozesu bat abiatu dute udalak eta Siadeco Ikerketa Taldeak. Aurkezpenean izan dira Mikel Arregi Zestoako alkatea, Garikoitz Mendizabal Zestoako Udaleko EAJko oposizio burua eta Juanjo Allur Siadecoko arduraduna.
Mikel Arregi alkatea izan da aurkezpenean hitza hartu duen lehena, eta hark Zestoa 2030 Herri Plangintza proiektua gauzatzeko, udaleko bi alderdiek lortu duten adostasuna nabarmendu du: "Udalean lau urtetako agintaldiak izaten dira, eta askotan ez da erraza izaten urte horien barruan epe luzerako perspektiba izatea. Garrantzitsua da datozen hamar urteetan Zestoan arlo guztiak batuta zer egin nahiko genukeen erabakitzea eta adostea". Garikoitz Mendizabal udaleko oposizioko buruak ere bi aldeen arteko akordioa onetsi du, eta "baikorrak" direla azaldu du: "Askotan ez da erraza izaten akordioak topatzea, herrigintza eredu desberdinak baititugu, baina baikorrak gara eta iruditzen zaigu ariketa hau egokia dela herritarren eta auzotarren beharrak zeintzuk diren jakiteko eta horiek gauzatu ahal izateko".
Herritarren parte hartzea xede
Juanjo Allur Siadecoko arduradunak Zestoa 2030 Herri Plangintza osatzeko prozedura azaldu du aurkezpenean, eta proiektua bi fasetan garatuko dutela azaldu du; batetik, diagonostikoa egingo dute herritarren ekarpenekin, eta ondoren, jarduera plana osatuko dute diagnostiko horren ezaugarriak oinarri hartuta. Allurrek azaldu duenez, Zestoako ezaugarriak nolakoak diren aztertuko dute diagnostikoan, eta udal eskumenekoak diren —zerbitzuak, aurrekontua, giza baliabideak zein ekonomikoak...— arlo guztien atzerketa egingo dute. Horretarako, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du Siadecoko arduradunak: "Herritar guztiek izango dute aukera diagnostikoan parte hartzeko eta arlo eta adin guztietako herritarrekin bildu nahi dugu diagnostikoa osatzeko. Aniztasuna bilatzen dugu, ekarpen horietatik aterako baitugu Zestoako Udalaren datozen hamar urteetako ibilbide orria".
Herritarren ekarpenak jasotzeko hainbat modu ezarriko ditu Siadecok. Batetik, Zestoako Udalaren webgunean galdetegia ezarriko dute, eta gai guztietaz ekarpenak egin eta iritziak emateko aukera izango da bertan. Allurrek adierazi duenez, "galdetegi luzea" izan arren, herritarrek arlo batzuen inguruan soilik ere eman ahalko dute iritzia. Galdetegian oinarrizko bi galdera egingo zaizkie herritarrei; alde batetik, hitz egin nahi duten alor horren egungo egoera zein den, zein indargune dauden eta zer hobetu daitekeen; eta, bestetik, indargune horiek aprobetxatzeko nahiz gabeziei aurre egiteko zer egin beharko lukeen Zestoako Udalak. Galdetegia posta elektronikoz erantzun nahi duenak ere izango du horretarako aukera, aurrez Siadecora deituta (943-31 00 34) edo zestoa2030@siadeco.eus helbidera idatzita. Horrez gain, Allurrek azaldu du herritarrek eta auzotarrek ekarpenak egiteko egin ditzaketen bileretan ere parte hartuko lukeela Siadecok.
Herritarren ekarpenak jasotzeko azken eguna abenduaren 23a izango da, eta Siadecok aurreikusten du diagnostikoaren fasea 2021. urteko urtarrilerako amaituta izatea. Zestoa 2030 Herri Plangintzaren jarduera plana, aldiz, 2021eko otsailean eta martxoan gauzatu asmo du ikerketa elkarteak, eta fase horretan Zestoa 2030 Herri Plangintzaren dokumentua osatuko dute arlo guztietako ekarpenekin.