Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak bertan behera utzi ditu etzi, ostirala, Zestoan egin asmo zituen jardunaldi politikoak. Erakundeak sarean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugikortasun neurriak direla-eta Estatu burgesa eta errepresio indarrak hitzaldiko hizlariak ezin izango du Zestoara joan, eta solasaldia aurrerago egiteko asmoa nabarmendu du. Bestalde, jardunaldi politikoen barruan kontzertua eskaini behar zuten Ukabil eta Rodeo taldeek Zestoako Gaztetxean, baina emanaldi horiek ere bertan behera gelditu dira.
Urriaren 30ean egin zuen Urola Erdiko GKSk jardunaldi politikoen lehen saioa Azpeitiko Gaztetxean, eta saio horretan COVID-19a eta krisi kapitalista ezaugarri dituen testuinguruan antolatzeak duen garrantzia izan zuten hizpide. Bigarren jardunaldia, berriz, hilaren 5ean egin zuten Azkoitiko Matadeixen, eta kontrol sozialaren zentzu politikoaz hausnartu zuten bertan dozenaka gaztek.