Aritz Iriondo arroaerrekarrak irabazi du 2RM mailako Espainiako lur gaineko rally txapelketa

Aitziber Arzallus 2020ko azaroaren 17a

Iriondok eta haren kopilotu Joseba Sanchezek laugarren egin zuten larunbatean Madrilen lehiatu zuten proban, baina nahikoa izan zitzaien txapelketa poltsikoratzeko.

Aritz Iriondo Arroa Errekako gidariak eta haren kopilotu Joseba Sanchezek irabazi dute 2RM mailako Espainiako lur gaineko rally txapelketa, Peugeot 208 VTi R2 autoarekin. Larunbatean jokatu zuten denboraldiko azken lasterketa Madrilen, eta laugarren amaitu zuten arren, nahikoa izan zitzaien txapelketa bereganatzeko. Akulu Motorsport eskuderiako lagunak "oso pozik" daude lorpenarekin; "esan liteke Madrilgo lokatzetatik petrolioa atera dugula eta ezinezkoa zirudien garaipen bat erdietsi dugula", adierazi dute ohar bidez.

Nabarmendu dute urteetako talde lanaren emaitza izan dela Iriondok eta Sanchezek lortu dutena. "Aritz eta Joseba ez daude bakarrik abentura honetan; haien atzean ikaragarrizko lan taldea dago, eta dirua nagusi den mundu batean, auzolanak saria izan du". Izan ere, Akulu Motorsporteko bikoteak pixkanaka-pixkanaka egin du behetik gorako bidea. 2014an hasi ziren lanean, 2015ean eta 2016an Aygo Kopan parte hartu zuten, eta 2015ean baita txapeldunorde gelditu ere. Maila bazutela ikusita, 2017an Peugeot 208 R2 autoa erosi zuten, "lehenengo benetako lasterketa autoa", eta harekin lehiatzen hasi ziren. Orain arteko ibilbidean zortea lagun izan ez duten arren, horri ere buelta ematea lortu dute, eta gaur, 2RM mailako Espainiako lur gaineko rally txapeldun dira.

Larunbateko proba "gogorra" izan zela azaldu dute Akulu Motorsport eskuderiako lagunek, egin zuen eguraldi txarragatik, besteak beste. Iriondo eta Sanchez nahiko atzean hasi ziren, lehendabiziko ibilbidean bederatzigarren sailkatuta. Goizeko lau ibilbideak bukatzerako, baina, seigarren postuan jartzea lortu zuten, eta arratsaldeko saioa laugarrenean postuan bukatzea. Hori nahikoa izan zuten txapelketako titulua poltsikoratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide