Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin zuen ostiralean; izan ere, 1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi zuen Marokok. Rabatek armada bidali zuen Guergueratera, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen atzo Mendebaldeko Saharan.
Errealitate horren aurrean, protestak ari dira egiten Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Azkoitian eta Zestoan ere elkartu dira gaur gertaerari erantzuteko. Bi herrietako saharar komunitateek eta Sortuk deituta, elkarretaratzeak egin dituzte 12:30ean bi herrietako plazetan, eta jende ugarik egin du bat deialdiekin, Saharako banderak eta aldarriz beteriko pankartak hartuta. Besteak beste, Sahararen askatasunaren eta Fronte Polisarioaren aldeko eta Marokoren eta Espainiako Gobernuaren aurkako oihuak entzun ahal izan dira elkarretaratzeetan. Zestoan, Saharako bandera igo dute udal ordezkariek udaletxeko masta nagusian, plazan elkartutakoen txaloen artean.
Protestaren bidez, Minursori [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diote. NBEren misioa 1991n eratu zen autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eta su etena zaintzeko helburuekin. 29 urte igaro dira ordutik, eta autodeterminazio erreferenduma behingoz gauzatzea eskatu dute gaurko elkarretaratzearen bidez. Era berean, elkartasuna adierazi diete gaur elkartutakoek Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demoktratikoari (RASD).
Hemen, Azkoitiko elkarretaratzearen irudiak:
Eta hemen, Zestoakoak: