Saharari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzeak egingo dituzte bihar Azkoitian eta Zestoan

Ihintza Elustondo 2020ko azaroaren 14a

Marokok Sahararekin adostua zuen su etena hautsi du, eta hori salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte bihar. Azkoitian 12:30ean egingo dute protesta, plazan, Sortuk deituta. Zestoan ordu berean egingo dute, Zestoako saharar komunitateak eta EH Bilduk deituta, plazan.

1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi du Marokok, Guergerateko mugan izandako tentsioaren ostean. Urriaz geroztik, ekintzaile sahararrak Guergerateko mugako pasabidea blokeatzen ari dira, saharar lurralde okupatuaren eta Mauritaniaren artean, Marokoko Erresumak Saharako subiranotasuna urratu zuelako. Horren aurrean, Marokok eraso militarren bidez erantzun du, duela 29 urteko su eten akordioei muzin eginez.

Horren aurrean, elkarretaratzeak egingo dituzte bihar –igandea– Azkoitian eta Zestoan. Azkoitian, Sortuk deitu du protestara, eta 12:30ean elkartuko dira, Azkoitiko plazan. Zestoan herriko saharar komunitateak eta EH Bilduk deitu dute protestara; 12:30en elkartuko dira, Zestoako plazan.

"Gogora dezagun Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 690 Ebazpenak Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio erreferenduma aipatzen duela bigarren puntuan. Premiazkoa da Minursotik [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] 29 urte igaro ondoren autodeterminazio erreferenduma behingoz gauzatzea", azaldu du Azkoitiko Sortuk.

Biharko protestaren bidez, Minursori beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diote. Era berean, elkartasuna adieraziko diete Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demoktratikoari (RASD). "Marokoren azken erasoaren aurrean, Fronte Polisarioak eta komunitate sahararrak Euskal Herriko herri eta hirietan antolatzen duen ekimen oro babesten eta bultzatzen dugu", erantsi du Sortuk.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide