Zestoako eskolako bi jolastokiak irekita izango dira arratsaldez astelehenetik aurrera

Mailo Oiarzabal 2020ko azaroaren 14a

Ikasleek eskolak bukatzen dituztenetik 18:00ak arte erabili ahal izango dira herriko eskolako bi jolastokiak. Guraso talde baten eskaerari erantzunez hartu dute erabakia eskolak eta udalak.

Zestoako Herri Eskolaren bi eraikinetako jolastokiak eskola orduz kanpo ere irekita izango dira arratsaldez etzitik aurrera. Arratsaldeko eskolak bukatzen dituztenetik, 16:30etik, 18:00ak arte irekiko dituzte bi jolastokiak, eta "hala nahi duten gurasoek eta haurrek" bertan gelditzeko aukera izango dute eskolatik irtendakoan.

Udalak eman du eskolako zuzendaritzarekin batera hartu duen erabaki horren berri. Erakundeak azaldu du guraso talde batek egindako eskaerari erantzun diotela hartutako neurriarekin, "herriko haur, gaztetxo eta gurasoek zuten espazio faltari" irtenbidea emateko asmoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide