Hilabeteak daramatzate Arroako bidesariaren alboan obretan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean argitu du zer izango den han eraikitzen ari direna: AP-8 autobiderako Neguko Bidezaintza Zentro berria. "Proiektuaren helburua da dispositibo osoa zentro berrian zentralizatzea, AP-8 autobidearen Gipuzkoako zatiari zerbitzua emateko", adierazi du Aintzane Oiarbide aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak.
Elurra kentzeko eta gatza eta gatzuna zabaltzeko hamabost makina sartzeko edukiera duen estalitako aparkalekua, 1.500 tona gatz gordetzeko edukiera duen biltegia, gatzuna prestatzeko eta biltegiratzeko gunea, kamioiak gatzez kargatzeko gunea eta kamioi horiek garbitzeko gunea izango ditu gune berriak, besteak beste. Guneak itxitura perimetral bat izango du, "argi eta garbi mugatuko dituena bidesariaren eremua eta neguko bidetzaintza zentroarena", eta Zarauzko zentroan dituzten pantailetatik zainduko dute.
Lanak aurki bukatzea aurreikusten dutela esan du Oiarbide, urtarrilean martxan egongo dela Zestoako gunea. Zehaztu du 1,4 milioi euroko aurrekontua izan dutela hura eraikitzeko lanek.
Igandean jarriko dute martxan Neguko Bidezaintza Plana
Bide Azpiegituretako diputatuak gaur goizean eman ditu xehetasun horiek guztiak, 2020-2021 Neguko Bidezaintza Plana aurkezteko Donostian egin duen agerraldian. Azaldu du plan hori azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo dela indarrean, eta Euskal Meteorologia Agentziak izotzagatik —edozein mailatan— edo elurragatik —1.000 metrotik behera— abisuak ematen dituenean aktibatuko dutela.
Neguko planaren barruan, 86 kamioi eta Eusko Jaurlaritzak N-1 eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak izango dituzte erabilgarri, eta 38 gordailutan biltegiratutako 9.700 tona gatz.
Zestoako zentro berria eraikitzeko lanak amaitu bitartean, Zarauzko gunetik antolatuko dituzte AP-8 autobideko neguko bidezaintza lanak.