Azaroaren 28an aurkeztuko dute 'Arineketan' diskoa, Zestoan

Anartz Izagirre 2020ko azaroaren 12a

Zestoako kiroldegian izango da kontzertua, eta dagoeneko eskuratu daitezke sarrerak herriko turismo bulegora deituta, nahiz eta gonbidapenak eskuratzeko lehentasuna zestoarrek izango duten. Doinu eta erritmo tradizionalak gaur egungo doinuekin uztartu dituzte Jagoba Astiazaranek eta Iñaki Sastrek 'Arineketan' diskoan.

Astiazaran eta Sastre Igartubeitin, diskoa aurkezteko ateratako argazkietako batean. (Oscar Matt)

Jagoba Astiazaran zestoarrak eta Iñaki Sastrek Arineketan diskoa argitaratu dute, eta azaroaren 28an, larunbata, izango da lanaren aurkezpena Zestoako kiroldegian, 19:00etan. Joan zen irailaren 19an ziren bi musikariak diskoa aurkeztekoak, baina Zestoan egon zen COVID-19 agerraldia medio bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia. Kontzertu berrirako sarrerak doakoak badira ere aurrez eskuratu beharko dira Zestoako turismo bulegora (943-86 88 11) deituta. Horren harira, zestoarrek izango dute sarrerak eskuratzeko lehentasuna, eta gainontzeko herrietako ikusleek hilaren 24tik aurrera eskatu ahal izango dute gonbidapena. Bestalde, irailaren 19ko kontzerturako izena eman zutenek berriro deitu beharko dute turismo bulegora, izen-ematea hutsetik hasiko baita.

Elkarrekin hainbat proiektutan parte hartu izan dute Astiazaranek eta Sastrek —besteak beste, dantza talde bateko musikari ere izandakoak dira—, baina inoiz ez zuten ematen pausoa bien artean proiektu bat egiteko, azkenean eman duten arte. Juan Ignazio Iztuetaren 250. urteurrena zen proiektua sortzeari heldu ziotenean, eta Iztuetak duela 200 urte, 1824an, euskal doinu eta hitz zaharren bilduma bat osatu zuen. Hori baliatuta, lan haiek gaur egunera ekartzea otu zitzaien, eta horren fruitua da Arineketan.

Astiazaranek eta Sastrek hilaren 28an bidelagun izango dituzte agertokian Ainara Ortega abeslaria, Xabier Zeberio biolin-jotzailea, Agate Amilibia txelo-jotzailea eta hainbat dantzari. Honako lotura honetan irakur daiteke Olaia Juaristi kazetariak diskoaren inguruan eginiko erreportajea.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide